Herri kirolak

Zelai baserria: etxe eta lantoki

Herri kirolean erreferentea da Karmele Gisasola; makina bat txapel irabazi ditu. Hala ere, kiroletik ezin du lortu bizitzeko lain, eta lana ere egiten du: Zelai landetxearen arduraduna da.

Karmele Gisasola herri kirolaria eta Zelai landetxearen arduraduna, Mallabian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Karmele Gisasola herri kirolaria eta Zelai landetxearen arduraduna, Mallabian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Mallabia
2025eko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Plazandrea da Karmele Gisasola (Mallabia, Bizkaia, 1994), eta, hain justu, plazan egin da ezagun; gehienbat, harria jasotzen. Baina bestelako parajeak ditu etxe. Herri kirolek landa eremuan dute sustraia, eta horri lotuta dago Gisasolaren jarduna eta lanbidea ere: Mallabiko Zelai landetxearen arduraduna da.

«Nire aita hementxe jaio zen, baserri honetan. Herri kiroletan horrexegatik gara zelaitarrak. Herentziaz jasotakoan, ikusi zuen konpondu beharra zegoela, zaharra zegoelako. Landetxe bat egitea proposatu zion amak aitari, eta esan bera arduratuko zela. Gurasoek lan asko-asko egin zuten; nik 12 urte izango nituen. Gogoratzen naiz: habe zahar denak kanpora atera, lixatu, pintatu, berriro ipini... Akordatzen naiz inaugurazio egunaz ere; jende asko etorri zen. Nahiz eta aitaren parteko baserria izan, amari eskerrak dago horrela, dagoen moduan».

Landetxeak 2008an ireki zuen atea. Hasieran, Gisasolaren asmoa ez zen hari segida ematea. Beste bide bat hartu zuen: Bertsozale Elkartean administrazio lanetan aritu zen lau urtez. «Oso kondizio onak nituen, etxetik gertu... dena ondo, baina barruan zerbaitek esaten zidan hori ez zela nire bizitzako lana. Terapian landuta eta beste, uztea erabaki nuen», kontatu du. Ez zekien nora jo, eta orduantxe proposatu zion amak: zergatik ez hartu Zelai landetxearen ardura? Baiezkoa eman zion.

Zelai landetxea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Zelai landetxea. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eta halaxe, 2023az geroztik hortxe dihardu lanean, «gustura». Autonomoa da, «horrek dituen gorabehera guztiekin», baina ondo moldatzen da. «Denak bezala, alde onak eta txarrak ditu. Oporrik ez dago, eta udan, jende asko kanpoan dagoenean, lan egin behar izaten dut. Baina ondo; astearte batean, adibidez, lasai asko joan naiteke gosaltzera. Edo ostegun batean erakustaldi bat badut, joan naiteke inori baimenik eskatu gabe».

«Denak bezala, alde onak eta txarrak ditu. Oporrik ez dago, eta udan, jende asko kanpoan dagoenean, lan egin behar izaten dut»

KARMELE GISASOLA Herri kirolaria

Patxada arnasten da inguruan; giro lasaia, burrunbaz deskonektatzeko eta atseden hartzeko toki aproposa. Lana majo egin behar izaten du Gisasolak, ordea. Landetxea bi modutara aloka daiteke: etxe osoa edo gelaka. Gehienbat, Euskal Herriko eta Espainiako bezeroak izaten dituzte. «Etxe osoa bada, giltzak ematen dizkiet bezeroei, eta ez naiz ezertaz arduratzen. Normalean, asteburuetan izaten da. Bariku arratsaldean sartu, eta igande arratsaldera arte egoten dira. Orduan, astelehenetan etxe osoa jaso behar izaten dut. Astelehenak eta ostiralak kaosa izaten dira niretzat. Astelehenetan sartzen dira, normalean, hemengoak izan ez baina hemen lana egiten dutenak: galiziarrak, kantabriarrak, Madrilgo batzuk... Ostiraletan joaten dira, eta berriro etxe osoa prestatu behar izaten dut asteburuetan sartzen direnentzat».

Logelak daudenean alokatuta, berriz, gosariak ere zerbitzatzen dituzte, eta sartu-irteeren arabera egiten du lana. Errentaria irtendakoan, buru-belarri: garbigailua jarri, plantxatu, oheak egin, komunak garbitu, trapu zaharrak garbitu... Hurrengoentzat pronto utzi, alegia. «Eta, gero, mobila eskura izan eta adi egon behar duzu. Erreserbak edonoiz dira». Badu mania bat ere: egutegia online ez, paperean eduki nahi izaten du: «Egutegiarekin oso tradizionala naiz. Agenda eskuan izan behar dut, eta koloretan. Txapuza bat dut, baina behar dut orri batean bistaratzea».

Ireki zenetik, Zelai landetxeak ez du itxi atea: «Ez badago inor, asteburu hori libre hartzen dut, baina itxi, ez. Kanpora banoa, amari dena planifikatuta eta lotuta uzten diot».

Printzipioz, luzerako

Dena den, Zelai baserria landetxea baino gehiago da; herri kirolarien etxea ere izan da: «Aitak bertan harri toki bat egin zuen, eta hor entrenatzen ziren asko —Aritz Aranguren Norde, Izadi Agirre...—. Orain nik eta nire bikotekideak erabaki dugu bizitzera hona etortzea, eta esan nien baserritik tailerrera aldatu beharko zutela. Nahi nuen nik ere intimitate apur bat izan».

Hain zuzen, Gisasolaren aita —Jose Antonio Gisasola harri jasotzaile ohia— hargina da: harriak egiteko tailer bat du Mallabian, eta badute bertan harri jasotzen aritzeko toki bat; Zelain aritzen ziren hainbat hantxe entrenatzen dira orain.

Gisasola ez da hala ari; izan ere, harria albo batera utzi eta aizkora du orain begiz joa. «Tailerra baino beheraxeago dagoen txabola moduko batean entrenatzen naiz, dena etxean». Lana egin, bizi, entrenatu... askorako ematen du Zelaik. «Ez naiz batere kalekoa. Saiatu naiz, baina ez naiz ohitu», aitortu du.

«Herri kiroletatik ezin da bizi. Ni neu, behintzat, ez. Hilabeteren bat, bale, baina horixe, beste zerbait topatu behar duzu derrigor. Gainera, ez dakizu noiz lesionatuko zaren...»

KARMELE GISASOLA Herri kirolaria

Herri kirolaria izanda, halabeharrez eduki behar izan du soldatapeko beste lan bat. «Herri kiroletatik ezin da bizi. Ni neu, behintzat, ez. Hilabeteren bat, bale, baina horixe, beste zerbait topatu behar duzu derrigor. Gainera, ez dakizu noiz lesionatuko zaren...». Sos batzuk ateratzeko balio du, behintzat: «Ez dut topatu babeslerik, ez dut nahi izan. Moldatzen naiz dudanarekin: ez dut ordaintzen alokairurik, ez diot pagatzen entrenatzaileari —haren osaba da—, harririk ez dut ordaindu, txaleko bat oparitutakoa da, beste bat sari moduan hartutakoa... Orduan, lortutakoa irabazi moduan izan da».

Landetxean ere badira garai hobeak eta kaskarragoak, azaldu duenez: «Bezeroen arabera bizi zara. Ez da hileroko soldata finko bat». Oraingoz, biak uztartzen jarraituko du, kirola eta lana; ahal bada, luzerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.