Athletic 3-2 Sevilla

Zelaian hitz egin du Nico Williamsek

Athleticek 3-2 irabazi dio Sevillari lehen jardunaldian, gogotik sufrituta. Hegalekoak gol bat sartu du, eta asistentzia bana eman die Sannadiri eta Navarrori.

Nico Williams bere gola ospatzen, gaur, San Mamesen. MIGUEL TOÑA / EFE
Nico Williams bere gola ospatzen, gaur, San Mamesen. MIGUEL TOÑA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 17a
21:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udan zeresan handia eman du Nico Williamsek. Ez zuela kontratua berrituko, Bartzelonara zihoala, haren aurkako pintaketak agertu zirela... Azkenean, Athleticen segitzen du hegalekoak, eta gaur erakutsi behar den tokian erakutsi du zertarako geratu den. Gol bat sartu eta bi asistentzia eman ditu ligako lehen jardunaldian, eta Athleticek 3-2 irabazi dio Sevillari, izerdia gogotik botata. Kontrolpean zuten norgehiagoka nahi baino gehiago konplikatu zaie zuri-gorriei.

Partidari gogotsu ekin dio Athleticek, energia askorekin, eta bereziki Areso nabarmendu da, oraingoz, zuri-gorrien udako fitxaketa izarra. Etengabe igo da erasora, arriskua sortu du, eta Athleticek korner mordoxka izan du alde. Sevillak, ordea, ondo baliatu ditu kontraerasoak, eta haienak izan dira aukerarik argienak: Akor Adamsi Unai Simonek geratu dion bat, eta, batez ere, Lukebakiok zutoinera bidali duen beste bat.

(ID_15231455) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Robert Navarro bere gola ospatzen, gaur, San Mamesen. MIGUEL TOÑA / EFE

Lehen gola eztabaida eragingo duen penalti bati esker heldu da; Nico Williamsi egin diote, berak sartu du, eta armarriari muxu emanez ospatu du, zaleekin. Golaren bultzadarekin iritsi da bigarrena. Nicok berak jokaldi bikaina egin du, eta ondo kokatuta zegoen Maroan Sannadi baloia sarera bidaltzeko. 2-0 eta atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi berritan 3-0ekoa egiteko abagune paregabea izan du berriz ere Williams anaietan gazteenak. Zutoinera bidali du baloia, baina giroa lasai zegoen San Mamesen. Lasaiegi. Taldeak partida kontrolpean zuela zirudien.

Sevillaren iraultza

Sevillak argi utzi du oker zebiltzala. Espazio askorekin, jokalari arriskutsuak ditu Andaluziako taldeak: Adams, Ejuke eta, bereziki, Lukebakio. Hark sartu du bere taldea partidan, area kanpotik sartu duen gol ikusgarri bati esker. 

Hurrengo minutuetan hobeak izan dira bisitariak, merezi zuten gola, eta, bizpahiru abagune barkatu ostean, Akoumek berdindu du partida beste gol eder batekin. 2-2 eta zurrumurrua nagusi estadioan. 72. minutua zen.

Gola heldu denean aulkitik sartu berria zen Robert Navarro —debuteko partida zuen—. Berdinketaren ostean berdindu egin da lehia ere, baina berriro agertu da partidako jokalaririk onena: Nico Williams. Guruzetak zelai erdian berreskuratu du baloia, Iñakiri eman dio, hark anaiari, hegalekoak jokaldia egin du, eta Navarrok atean sartu du haren erdiraketa. Ezin emozio gehiago eskatu lehen jardunaldiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.