Zer galdu asko, eta zer irabazi gutxi, horixe dauka Baskoniak gaur eguerdian Zaragozan. Zer galdu asko, bigarren porrota izango litzatekeelako jarraian. Zer irabazi gutxi, aldiz, itxuraz Zaragoza garaipena lortu beharreko plaza delako, han jokatzen duen taldea ACB ligara igo berria den heinean. Egoerari buelta ere eman dakioke, halere. Alegia, zer irabazi asko, eta zer galdu gutxi. Besteak beste, nahiko txukun ekin diolako CAI Zaragozak, eta 3-3 balantzearekin, urrun samar duelako jaitsiera postuek eragiten duten izua. Balantze on horretako garaipen distiratsuena etxetik at lortu zuten Aragoikoek, Bartzelona ahaltsuaren aurka. Kontuz, beraz, usoz jantzitako otsoarekin.
Talde osatua, orekatua dauka Jose Luis Abos entrenatzaileak. Carlos Cabezasen etorrerak nabarmen handitu du haiek gidaritzan duten indarra. Malagakoa fitxatu baino lehen ere ez zen batere txarra, Paolo Quinteros argentinarrak eta Sam Van Rossom belgikarrak jokatzen baitzuten postu horretan. Andres Miso espainiarrak ere eskolta postuan jokatzen du, eta hegalekoen multzoan denetarik du CAI Zaragozak. Denetarik esatean, aukera anitzeko jokalariak esan nahi da. David Barlow australiarra errebote asko jaso eta asistentziak emateko begi ona duen hegaleko fina da. Chad Toppert estatubatuarrak ere estatistika bikaina du hiruko lerrotik. Kontu bitxi bat ere bai: sei jardunaldiotan lortutako 30 puntuak hiruko lerrotik lortu ditu. %75 asmatu du orain arte hirukoetan, sekulako portzentajea.
Adi Rafael Hettsheimeirrekin
Kanpotik barrura aritzen dira Darren Phillip eta Pablo Aguilar, Espainiako saskibaloian etorkizun oparoenetakoa duen jokalaria. Ezin ahaztu saskipeko jokoarekin, sendoa baita. Adan Chubb estatubatuarra da bikoteko lehen kidea. Joan den sasoian Alba Berlinen jokatu zuen, eta Gasteizen jokatutako Eurokopako Lauko Finaleko finalerdian Bilbo Basket hautsi zuen. Beste pibota ezagunagoa da: Rafael Hettsheimeir brasildarra. 208 zentimetro eta 118 kiloko zezena. 13 puntu eta 7 errebote lortzen ari da batez beste partidako, eta erne jardun beharko du Baracek, sarri zilipurdika ibili nahi ez badu.
CAI Zaragozan arazo fisikoak dituzte jokalari batzuek. Chubb lunbalgiak jota egon da aste osoan, eta jokatzekotan ere, ez dago bete-betean. Phillipek ere gainkarga du izterrean, eta Aguilarrek, kolpe mingarria ipurdian. Azken unera arte zalantzan egongo da. Baskoniari dagokionez, etxean geratu da Dejan Musli, fitxarik gabe, Ranciki eta Haislip osatu berriari lekua egiteko. Haislip bueltatu berriak sasoi puntu ona lehenbailehen lortzea da, hain zuzen ere, Ivanovicen lehentasunetako bat, taldeko saskipea indartu dezan.
CAI ZARAGOZA-BASKONIA
CAI Zaragoza. Cabezas, Van Roosom, Riera, Quinteros, Miso, Barlow, Toppert, Phillip, Aguilar, Chubb eta Hettsheimeir.
Caja Laboral Baskonia. Huertas, Logan, Ribas, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Rancik, Bjelica, Haislip eta Barac.
Sailkapena. 11. postuan dago CAI: 3-3 (-13), eta 2. da Baskonia: 5-1 (+86).
Tokia. Principe Felipe pabiloia (11.000 ikusle).
Noiz. 12.15 (ETB 1).
Zer galdu asko, zer irabazi gutxi
Zaragozaren aurka ariko da Baskonia gaur; Musli fitxarik gabe utzi du taldeak, Haislip eta Ranciki lekua egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu