Zer talde ikusiko da gaur?

Baskoniak gertu izango ditu final-laurdenak Lietuvosi irabaziz gero, baina batek daki zer aurpegi erakutsiko duen

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Donostiako Igeldo muinoko jolas parkeko suitzar mendia dirudi Baskoniak. Edo Port Aventurako Dragon Khan famatua. Batean, goian, zeruan, eta hurrena, infernuko zulo beltzenean. Zorabioa sortzen du Dusko Ivanovicek zuzendutako taldeak, eta aste asko dira batere konfiantzarik transmititu gabe daramatzanak. Haien aldeko apusturen bat egitea arrisku asko hartzea da, baina saskibaloia inoiz gelditzen ez den gurpil zoroa da. Zorionez edo zoritxarrez, Baskoniak gaur jokoan daukana konfiantza, erregulartasuna eta joko polita bera baino askoz garrantzitsuagoa da: Euroligako final-laurdenetan sartzeko aukera oso gertu izatea. Final-laurdenak martxoan eta apirilean jokatuko dira, eta ezkorrenak ere uste du bi hilabete horiek iristerako Baskoniak bere betiko nortasuna berreskuratuko duela.

Usteak erdi ustel. Zenbat aldiz erabiltzen da esaera zahar jator hori? Sasoi honetako Baskoniarentzat esaera perfektua da, dagoeneko jaiki eta halako erregulartasuna, bolada on bat lortzeko hamaika ahalegin egin dituelako dagoeneko, eta denak ustelak. Bai, egia da Euroligan lau garaipen daramatzala jarraian, eta astebete atzera, Malagan, oso garaipen garrantzitsua lortu zuela, baina ligako bide traketsak Euroligako itxaropen apurrak irensten ditu, eztabaidarako tarte txikiena utzi gabe. Balantzaren alde batean Malagan lortutako garaipen landua jarri eta bestean Alacanten hartutako muturrekoa jartzen badugu Malagako emaitza onak ez duelako ezertarako balio.

Itxaropena inoiz galtzen ez dutenak ez dira gutxi, dena den. Lietuvos talde apala dela diote, eta benetako aireratzea, gorako bidea, gaurko garaipenarekin hasiko dela. Bakarren batek entzungo al die? Ivanovicek entzutea, onena. Nor kantxaratu eta nor ez zuzen eta artez erabakitzeko. Teletovic kapitainak behingoz sosegatu eta bere onena ematen has dadin, zentzugabekeriak albo batera utzita. Edo Stanko Baracek berriro azaroan eman zuen itxura bikaina emateko, epaileen erabakiekin ez ernegatzeko.

Vilniusko taldea apala dela esaten dutenak ez daude erratuta. Justu-justu sailkatu zen Top16a jokatzeko, eta lehen jardunaldian zigor handia eman zion Panathinaikosek bere kantxan: 59-80. Lituaniarrak Sarunas Jasikevicius handiari esker lortu zuten sailkapena, baina Saras dolar mamitsuen bila joan da Fenerbahcera, eta umezurtz utzi du bere taldea. Lietuvosek hutsune garrantzitsua izanen du gaur, Martynas Gecevicius etxean geratu baita, belaunean hartutako kolpe baten ondorioz. Gecevicius da taldeko saskiratzailerik onena, eta bistan da asko nabarituko dutela haren hutsunea. Simas Jasaitis Baskoniako jokalari ohiak, Khalid El-Amin joko antolatzaile estatubatuarrak edota Jonas Valanciunas gazteak hartu beharko dute puntuak egiteko erantzukizuna Lietuvosen.

Biren kontua

Baskonia 2-0 balantzearekin jarriko da partida irabazten badu, eta gauzak ondo, ez luke arazo askorik eduki behar multzoko lehen bi postuetan sailkatzeko. Besteak beste, Unicajak Atenasen jokatuko duelako bihar, Panathinaikos ahaltsuaren aurka, eta normalena galtzea izango delako. Greziarrak eta euskaldunak geratuko lirateke buruan, eta lan zaila izanen lukete Unicajak eta Lietuvosek geratzen diren lau partidetan: laurak irabazi. Baskoniak, berriz, nahikoa luke geratzen zaizkion lau partidetatik bi irabaztea final-laurdenetan sartzeko. Orduan, multzoko buru izateko aukeran pentsatzen hasteko baimena edukiko luke. Baina hori oso urrun dago gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.