Pilotariek lau eta erditik sakatu beharko dute aurtengo lau eta erdiko txapelketan; hau da, orain arte baino koadro erdi atzeragotik. Hala egiten dute bai buruz buruko txapelketan, baita binakakoan ere. Lau eta erdikoan, ordea, lehen aldiz egingo dute hori. Esku Pilotako Enpresen Liga (EPEL) aspaldi zebilen aldaketa hori egin nahian, «sakeari garrantzia kentzeko asmoz». Proba bat egina zuen, aurtengo udan, Bizkaia torneoan, eta Enpresen Ligako ordezkariak gustura geratu ziren emaitzarekin. Hori dela eta, lau eta erdikoan aldaketa hori txertatzea erabaki dute.
Hain zuzen, sakea atzeratzeak zeresana eman du gaur, lau eta erdikoaren aurkezpenean, Bilboko Bizkaia frontoian. Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak esan du «Pilotarien Elkartearekin batera» hartu dutela erabakia, baina pilotariek zehaztu dute «enpresek hartutako erabakia» izan dela. «Guk gure iritzia eman genien, eta ez digute kasu egin. Haiek erabaki dute, eta ezin dugu horren kontra ezer egin. Aldea dago, eta ikusiko dugu zer gertatzen den txapelketan», adierazi du Jokin Altunak.
Iritzi bera du Aitor Elordik. «Ez gaitu ustekabean harrapatu. Haiek erabaki dute, eta, gero, horren berri eman digute; errespetatu egin behar dugu. Ea haiek nahi duten hori ikusten dugun. Batzuei mesede egingo die, eta beste batzuei, aldiz, kalte. Nire ustez, lau eta erditik ateraz min egiten jarrai dezaket». Antzeko mintzatu da Joseba Ezkurdia. «Nik ez nuke aldatuko. Gauza gehiago daude begiratzeko. Adibidez, lau eta erdian askotan binakakoan baino pilota biziagoekin aritzen gara». Jon Ander Peñaren iritziz ere «ez zen beharrezkoa» sakea aldatzea. «Nahikoa da materiala kontrolatzearekin. Sanferminetan, adibidez, partida gogorrak jokatu ziren. Denok aterako dugu atzeragotik, baina ondo errestatzen dutenei dohain bat kenduko diete».
«Guk gure iritzia eman genien, eta ez digute kasu egin. Haiek erabaki dute, eta ezin dugu horren kontra ezer egin»
JOKIN ALTUNA Aspeko pilotaria
Iñaki Artolak, berriz, azaldu du «enpresek hartutako erabakia» izan dela, eta pilotariek ez dietela «kontrako iritzi bateratu bat erakutsi». «Aldaketa eginda ere zaila izango da oraindik sakea errestatzea. Nire ustez, ez da horren aldaketa handia. Buruz buru eta binaka aldaketa hori egina zuten. Beraz, ez zait iruditzen horrenbesteko astakeria denik hiru txapelketetan gauza bera egitea».
Sakea atzeratzeaz gain, Enpresen Ligak beste aldaketa bat egin du: finalean ez beste partida guztietan, egunean bertan aukeratuko dute pilota, neurketa hasi baino hiru ordu laurden lehenago. Pilotariek «aste barruan gutxiago bidaiatzeko eta astea hobeto antolatzeko» hartu du neurria. Pilotariek begi onez ikusi dute neurri hori.
«Ez da horren aldaketa handia. Ez zait iruditzen horrenbesteko astakeria denik hiru txapelketetan gauza bera egitea»
IÑAKI ARTOLA Baikoko pilotaria
Txapelduna ez da ariko
Jakina zen arren, ezohikoa izan da gaurko irudia aurkezpenean. Ez da egon Unai Laso, lau eta erdiko azken txapelduna. Lasori ez zaio osatu eskuin belaunezurreko lesioa, eta uko egin dio denboraldiko lehen txapelketa jokatzeari. Horren ondorioz, ezingo dio eutsi iaz irabazitako txapelari.
Laso ez da ariko, baina lehiak ez du etenik, eta ostiralean ekingo diote denboraldiko lehen txapelketari. Egun horretan jokatuko dituzte final-zortzirenetako lehen bi partidak, Alegian (Gipuzkoa) eta Zallan (Bizkaia). Finala, berriz, azaroaren 16an jokatuko dute. Enpresek ez dute oraindik esan non izango den azken partida hori.
EPELek azkeneko hiru ekitaldietako egiturari eta lehiaketa sistemari eutsi die. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriro, enpresa bakoitzetik seik. Baikok sei pilotari hauek aukeratu ditu: Erik Jaka, Artola, Peña II.a, Iraitz Zubizarreta, Iker Larrazabal eta Joanes Bakaikoa. Iazkoaren aldean, bi dira berritasunak: Larrazabal eta Bakaikoa ariko dira Lasoren eta Mikel Urrutikoetxearen ordez. Aspetik, berriz, sei pilotari hauek ariko dira: Peio Etxeberria, Altuna III.a, Elordi, Ezkurdia, Javier Zabala eta Dario Gomez. Aldaketa bakarra dago iazkoaren aldean: Dariok jokatuko du Iker Salaberriaren ordez.
Ostiralean jokatuko dituzte final-zortzirenetako aurreneko bi partidak: Alegian, Artola eta Bakaikoa ariko dira (19:30), eta, Zallan, Ezkurdia eta Elordi (21:15, ETB1). Larunbatean, berriz, Dariok eta Zabalak Sorian (Espainia) jokatuko dute (17:30, ETB1). Igandean, azkenik, Larrazabalek eta Zubizarreta III.ak neurtuko dituzte indarrak, Eibarren (Gipuzkoa), 17:30ean (ETB1).
Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak: Peña II.a —Lasoren tokia hartu du—, Peio Etxeberria, Altuna III.a eta Jaka. Artolaren eta Bakaikoaren arteko irabazleak, eta Darioren eta Zabalaren artekoak Peña II.a eta Altuna III.a izango dituzte aurkari A multzoan. Ezkurdiaren eta Elordiren arteko garailea eta Larrazabalen eta Zubizarreta III.aren artekoa, berriz, Peio Etxeberriarekin eta Jakarekin ariko dira B multzoko ligaxkan.
Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, A multzoko bigarrenaren kontra. Azaroaren 1ean eta 2an jokatuko dituzte finalerdiak, Donostian edo Gasteizen. Irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, azaroaren 16an. Tartean dagoen igandean, azaroaren 9an, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka jokatuko dute. Enpresek ez dute esan non izango den norgehiagoka hori.
OSTIRALEAN ERE HASIKO DA B SERIEKO LAU ETA ERDIKOA
B Serieko lau eta erdikoa ere ostiralean hasiko da. Hamabi pilotari ariko dira: Baikotik, Agirre, Amiano, Eskiroz, Lizeaga, Senar eta Morgaetxebarria; eta, Aspetik, Egiguren V.a, Salaberria, Aldabe, Exposito, Murua eta Rekalde. Agirre, Senar, Egiguren V.a eta Salaberria dira zerrendaburuak. Finala azaroaren 8an jokatuko dute, Tolosan (Gipuzkoa).