ATHLETIC 0-2 ARSENAL

Zigor handiegia jaso du Athleticek

Lehen zatian bikain jokatu du Athleticek, eta Arsenalek baino gehiago merezi izan du, baina ingelesek bi gol sartu dituzte bigarren zatiaren azken hogei minutuetan, eta irabazi egin dute. Epailearen erabakiek euren onetik atera dituzte zuri-gorriak.

Athletic-Arsenal. ARITZ LOIOLA / FOKU
Athleticeko jokalariak, burumakur, Arsenalek lehen gola sartu eta gero. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
Bilbo
2025eko irailaren 16a
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arsenalen ehunka milioiak nagusitu dira gaur San Mamesen, Txapeldunen Ligako estreinako partidan. Athleticek inondik ere ez du merezi izan galtzerik, baina egin dituen akats apurrak garesti atera zaizkio. Lehen zati itxi baten ondoren, bigarrenean hautsi egin da lehia, eta bisitariak atera dira garaile. Aldaketek eman dizkiote fruituak Mikel Artetari. Izan ere, 72. minutuan Martinelli zelairatu du, eta hark gola egin du ukitu duen lehen baloian. Hori gutxi ez, eta Trossandek erabakita utzi du dena azken txanpan. Gutxienez puntu bat merezi izan du Ernesto Valverderen taldeak, baina ondo baino hobeto jakin du zer den Europako lehiaketarik garrantzitsuena. Lehertu beharrean egon da San Mames, baina ez du balio izan amestutako bideari ongi ekiteko.

Iragarri bezala, Valverdek aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan, eta ezusteko bat baino gehiago izan dira. Gorosabel eta Adama Boiro kokatu ditu atzeko lerroko hegaletan, Vesga zelai erdian, eta Robert Navarro erasoan. Hamaikako horretako inork ez zuen aurrez eskarmenturik Txapeldunen Ligan. Dena den, hasiera ona eman diote partidari zuri-gorriek. Lehen minutuak oso taktikoak izan dira, eta esperotako gidoia nagusitu da: Arsenalek izan du baloia, baina Athleticek ez du batere sufritu. Presio itogarririk egin gabe, lerroak ongi kokatuta egoteari eman dio garrantzia Valverdek, eta planak ez dio huts egin.

Jauregizar eta Sancet distiratsu aritu dira baloia jokatzen, eta erasoan mehatxu egin duen talde bakarra Athletic izan da minutu luzez. Berenguer eta Williams ere bikain mugitu dira Arsenalen atzeko lerroaren artean. Ez du gol aukera garbirik sortu Athleticek, baina gustagarri eta konfiantzaz aritu dira jokalariak. Bai baloia motz jokatzeko garaian, baita luze jotzerakoan ere. Hori bai, Arsenalen kalitatea kontuan izanda, ezer gutxi behar izan du Mikel Artetaren taldeak Unai Simonen ate ingurura iristeko. Besteak beste, 26. minutuan gola sartzear egon da Gyokeres. Gorosabelek eragotzi du 0-1ekoa.

Inondik ere ez du behera egin Athleticek, eta bere planari eutsi dio. Lehietan sendo jokatu dute zuri-gorriek, intentsitate eta erritmo handiari eutsi diote une oro, eta atsedenaldira aurretik iristeko aukera bat ere izan dute. Unai Simonek luze atera dio Williamsi, hark Berenguerri pase bikaina eman dio, eta nafarraren jaurtiketa kanpora joan da zutoin ondotik.

Aldaketen garrantzia

Bigarren zatian gehiago ireki da lehia. Arsenalek pauso bat eman du aurrera, eta defentsan gero eta atzerago kokatu behar izan du Athleticek. Dena den, lehen zatiko helburu berbera izan dute zuri-gorriek: aurkariek bizpahiru pase jarraian ez ematea. Eta lortu dute. Faltak eginez eta intentsitate handiari eutsiz, jokoari parean eutsi diote. Minutuak igaro ahala, alderdi fisikoak gero eta garrantzi handiagoa hartu du, eta, hori ikusita, Valverdek Unai Gomez zelairatu du Robert Navarroren ordez.

Ondoren, Guruzeta eta Yuri ere sartu dira barrura. Ordea, aldaketekin asmatu duena Arteta izan da. Martinelliren aldeko apustua egin du 72. minutuan, eta hark gola sartu du lehen jokaldian. Defentsan bigun jokatu dute zuri-gorriek. Ondoren, epailearen erabaki batzuen ondorioz, euren onetik atera dira etxeko jokalariak, eta egoera horretan iritsi da 0-2koa. Trossandek egin du gola, bigarren zatian zelairatutako beste jokalari batek. Txapelketari ez dio nahi bezala ekin Athleticek, eta zelai gaiztoa bisitatuko du bi aste barru: Borussia Dortmund taldearena.

ATHLETIC-ARSENAL
Athletic. Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes, Adama (Yuri, 71. min.); Vesga (Rego, 81. min.), Jauregizar; Williams, Sancet (Guruzeta, 68. min.), Robert Navarro (Unai Gomez, 61. min.; Nico Serrano, 81. min.); eta Berenguer.
Arsenal. Raya; Timber, Mosquera, Gabriel, Calafiori (Hincapie, 91. min.); Zubimendi, Rice, Merino; Eze (Martinelli, 71. min.), Gyokeres (Trossard, 65. min.) eta Madueke (Noergaard, 91. min.).
Golak. 0-1: Martinellik (72. min.). 0-2: Trossardek (87. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.