OLINPISMOA

Zilarrezko domina enkantean jarri du Andrejczykek, zortzi hilabeteko semeari egin beharreko ebakuntza bat ordaintzeko

AEBetan egin beharreko ebakuntza finantzatzeko dirua lortu du xabalina jaurtitzaile poloniarrak.

Maria Andrejczyk, Tokion. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 19a
18:24
Entzun

Maria Andrejczykek Poloniako xabalina jaurtitzaileak zilarrezko domina kolkoratu zuen duela bi aste bukatutako Tokioko Olinpiar Jokoetan. Baina lortutako domina hori enkantean jarri behar izan du, zortzi hilabeteko semeari egin beharreko bihotzeko ebakuntza bat ordaindu ahal izateko. Enkantea astelehenean hasi zen, Facebooken, eta hasieran 200.000 zlotyko prezioa jarri zion dominari (43.000 euro inguru). Azkenean, baina, Zabka Poloniako supermerkatu kateak 106.000 euro eskaini zituen, eta enkantea irabazi.

Atletak Facebooken eman du domina enkantean jartzeko erabakiaren berri: «Ez nuen askorik pentsatu. Topatu nuen lehen aukera izan zen, eta banekien egokiena hori zela». Andrejczyken arabera, Polonian ez dago aukera bideragarririk haurrari laguntzeko, eta Stanforden (AEB) haurrari egingo dioten ebakuntzan jarria du azken itxaropena.

Azaldu du 1,5 milioi zloty behar dituela ebakuntza ordaintzeko; hau da, 289.000 euro. Kopuru horren erdia bazuen, eta, enkantean lortutakoarekin, ebakuntza pagatu ahal izango du.

Eta, gainera, ez dio domina Zabkari eman beharko. Hala iragarri du supermerkatu kateak: «Haren keinuak hunkitu egin gintuen. Beraz, babestea erabaki genuen. Eta iruditzen zitzaigun, gainera, dominak Mariaren esku egon behar zuela, bikaina dela erakutsi baitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.