Jaitsiera postuei zeharka begiratzeari utzi, eta sailkapenaren posturik gozoenei begira jarri nahi dute Osasunako jokalariek gaur arratsaldean Malagan irabazita. Sailkapenaren erdian dira nafarrak une honetan, hamargarren postuan. Eta jaitsiera postuak zortzi puntura dituzte, baina UEFAn sartzeko aukera ematen duen seigarren postua sei puntura dute. Zirt edo zart egiteko ordua iritsi zaie, zalantzak ahaztu, azken denboraldietako mamuak uxatu, eta sasoi hau ezberdina izan daitekeela sinetsi nahi dute jokalariek zein zaleek. Eta, horretarako, gaur arratsaldean Malagan irabaztea oso garrantzitsua da. Garbi esanda, ezinbestekoa. Jaitsiera postuetan da Espainiako hegoaldeko taldea, baina hamaika puntura utzi nahi dute nafarrek Malaga, sailkapenaren zuloan hondoratuta.
«Sailkapenean gora egiteko aukera izan dugun bakoitzean kale egin dugu, eta oraingoan aukera hau alferrik ez galtzea espero dut», esan zuen atzo Jose Antonio Camachok Osasunako entrenatzaileak. Espainiarrak badaki taldearen etorkizuna argitu daitekela gaur Malagan. Baina aurrekariak hor daude, eta Camacho ez da batere fidatzen: Bartzelonaren aurka berdindu eta gero baikortasuna hedatu zen, esaterako, eta partida haren ostean Almerian negargarri aritu ziren gorritxoak. Joan den astean Zaragozan irabazi izanak konfiantza eman die Osasunako jokalariei, baina gehiegizko konfiantza lagun txarra izan ohi dela ezin dute ahaztu. Lasaituz gero edozein talderen aurka gal dezakete, eta Malaga zuloan egon arren, ez da salbuespena. Muñizen taldeak ez du ondo hasi denboraldia, baina historikoki zelai desaproposa da La Rosaleda nafarrentzat. Malagak, gainera, edozein unetan esna baitaiteke, gorantz egin dezake goruntz.
Iragan asteburuan, esaterako, Sevillaren zelaian puntu garrantzitsua lortu zuten Malagakoek, eta itxura ona eman zuten, gainera. 0-2 aurreratu ziren, nahiz eta gero Sevilla indartsuak markagailua orekatzea lortu. Dena dela, sailkapenean toki hobea izateko moduko taldea dauka Malagak. Apoño, Duda edo Milango Interrek utzitako Obina aurrelaria jokalari bikainak dira, esaterako. Eta iragan sasoitik jokalari asko aldatu badituzte ere -entrenatzailea eta joko sistema barne direla-, kalitaterik ez zaie falta.
Camachok badaki erronka zaila dutela: «Lan ikaragarria egin beharko dugu, zelaia ez da egoerarik onenean izango, eta Sevillan partida itzela egitetik datoz, gainera», esan zuen atzo. Hori bai, Zaragozan bezala markagailuan aurrea hartuz gero, gauzak errazago izan ditzake Osasunak La Rosaledan: «Haiek baino lehenago gola sartzen ahalegindu behar dugu, hori lortuz gero ez baita erraza gu garaitzea. Irabazi egin nahi dut, eta, ezin bada, berdindu», adierazi zuen Camachok.
Clos Gomezen beldurrez
Dena dela, aurkariak berak adina kezka eragiten du Iruñean Clos Gomez epaileak. Iragan sasoian Iruñera etorri zenetik etengabeko borroka izan du Camachok epaileekin, eta zalantzarik gabe Clos Gomez aragoarra izan da hura bere onetik gehien atera duen epailea. «Epaileekin zorterik ez dugu izan. Esaterako, Zaragozako gizon horrekin [Clos Gomezengatik ari zen] ez dakit zein den arazoa. Ez nion ezer esan, ez nuen ezer egin eta egotzi egin ninduen, azalpenik gabe. Ez dakit, baina dirudienez ez nau gustuko», esan zuen iragan sasoian Camachok Nafarroako telebista bati egindako adierazpenetan.
Eta atzo ere gogoratu zioten Clos Gomezekin duen harreman zaila Camachori. Osasunako entrenatzaileak partidaren aurretik giroa nahasterik ez zuen nahi izan hargatik: «Nik ez dut ezer egin inoiz, eta nire jarrera ez dut aldatuko. Partiden aurretik, gainera, ez naiz epaileekin kezkatzen, zortea opa diet eta ikusten dutena adierazteko eskatzen diet, besterik ez», zioen Osasunako entrenatzaileak.
Sasoi honetan Osasunak Sevillaren aurka 0-2 galdu zuen partida zuzendu zuen Clos Gomez epaileak. Haren lana ez zen erabakigarria izan, baina Osasuna gizon bat gutxiagorekin aritu zen azken txanpan. Halere, iragan sasoian Malagaren aurka Nafarroako Erresuman jokatutako partidan nabarmendu zen batik bat Clos Gomez: Puñal, Josetxo eta Vadocz egotzi zituen, Pedro del Villar fisioterapeuta eta Camachoz gain. 2-3 galdu zuen norgehiagoka Osasunak, Malagak markagailua iraulita.
Zirt edo zart egiteko ordua
Sailkapenaren erditik gora edo behera egiteko ordua iritsi zaio Osasunari; Malaga sailkapenean hondoratuta utzi nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu