Idazmahaia paperez josia du Braulio Vazquezek. Oso uda lanpetua izango du Osasunako kirol zuzendariak, taldean joan-etorri dezente izatea espero baita. Gorritxoek, lehenik eta behin, entrenatzailez aldatu beharko dute. Vicente Morenok Osasuna uztea deliberatu zuen, klubak kontratu luzapena eskainiko zion ala ez jakin aurretik. Bada, oso litekeena da Morenoren tokia Alessio Liscik hartzea. Mirandesen entrenatzailea da gaur-gaurkoz, baina gorritxoekin sinatzekoa da Lehen Mailara igotzeko kanporaketak finitu ostean. Aresok, berriz, ez du kontratu berria sinatu. Ez da ezustekoa izango hark taldea uztea. Budimir galtzea, ordea, shock handia litzateke nafarrentzat. Eta ezin da baztertu kroaziarra beste norabait joatea, bat-batean haren etete klausula nabarmen merkatu baita.
Gaztetasuna aulkian
Eskaintza, luzera begira
Erabakia hartua dago: Lisci izango da Osasunaren hurrengo entrenatzailea, azken orduan ezer okertzen ez bada. Ados jarri dira kluba eta teknikaria, eta akordioari sinadura jartzea falta da bakarrik. Mirandesen Bigarren Mailako kanporaketak bukatzean gertatuko da hori. Gauza bera gertatu zen Osasunak Jagoba Arrasate fitxatu zuenean. Itxarotea merezi izan zuen, eta oraingoan ere hala gertatuko den esperantza dute agintari gorritxoek. Zenbait hautagairekin bildu dira, eta gauza bat garbi izan dute hasieratik: teknikari berriak gaztea behar du izan. Oraingoan, taldea entrenatzailearen inguruan eraikitzea da asmoa. Datorrenari Morenori baino hitzarmen iraunkorragoa eskainiko diote, urte amaieran presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo diren arren. Liscik 39 urte ditu, eta elitean Levante zuzendu ondotik, Mirandes gorenera bidean ipini du.
Ikurra galtzeko beldurra
Budimir, erakustokian
Joko ausart eta biziaren zalea da teknikari erromatarra, eta maiz bost atzelariko sistema erabiltzen du. Hori horrela, baliteke Osasunak atzelariren bat fitxatu behar izatea; zer esanik ez, talderen batek Boyomo fitxatzen badu. 25 milioi euroko etete klausula uxagarri gisa erabiliko dute gorritxoek. Ante Budimir, ordea, zortzi milioi euroren truke irten liteke, haren kontratuan letra txikiz jasotzen denez. Epe jakin batean izango du prezio hori; bestelakoan, 20 milioiko etete klausula du. «Pozik nago Osasunan, eta asko errespetatzen dut», esan du berriki aurrelari kroaziarrak. Hala ere, kirioak dantzan dituzte zuzendariek zein zaleek. Talde askoren arreta piztu du Budimirren sasoi harrigarriak, baita haren prezio murriztuak ere. Galera latza litzateke gorritxoentzat.
Erasoan, pizgarri bila
Aukera zail eta garestiak
Jesus Aresoren irteera ere mingarria izango da, baina bederen, inor gutxi harrapatuko du ezustean. Hegaleko nafarrak atzetik ditu Athletic eta Atletico Madril, eta muzin egin die Osasunak kontratua luzatzeko eginiko eskaintzei. Haren ordezkoa Valentin Rosier izango da, gorritxoek egin duten udako lehen fitxaketa. Iker Benitok ere joka lezake defentsako hegalean, Mirandesen erakusten ari den moduan. Utzita dabil, eta laster itzuliko da. Erasoko jokalari gisa ere jardun dezake, baina klubak merkatura joko du hegaleko jokalari txinpartatsu baten bila.
Aurkariak aztoratzeko gai den norbait behar dute nafarrek. Ezingo da Bryan Zaragoza izan, Bayern Munichera itzuli baita. Raul Moro aspalditik aipatu da hautagai moduan, baina aurkari gogorrak ditu Osasunak hura fitxatzeko. Gainera, Valladolidek hamar milioi euroko prezioa jarri dio. Gehiegi da Nafarroako taldearentzat. Beste aukera batzuk ere baditu esku artean, baina zailak eta garestiak dira denak ere.
Taxoarera begira
Malkoak eta ilusioa
Zelai erdian ere zuloa sortu zaio Osasunari, Pablo Ibañezen irteeraren ondorioz. Entrenatzaileentzat oso jokalari erabilgarria izan da azken denboraldietan, baina klubarekin ez da ados jarri kontratua berritzeko orduan. Jasotako eskaintzak eskasegiak iruditu zaizkio, eta Iruñean jarraitu nahiko zukeen arren —hala iradokitzen dute Sadarko azken partidan isuritako malkoek—, aurrerantzean Alavesen elastikoa jantziko du. Haren tristurak, paradoxikoki, harrobiko beste jokalari baten poza ekarriko du: Asier Osanbela edo Mauro Etxegoien, bietako bat ariko baita Ibañezen tokian, lehen taldera igarota.