«Zorionekoak gara»

Braulio Vazquezen arabera, Osasunaren «historiako sasoirik onena» izan da, Espainiako Kopako finalean eta Konferentzia ligan sartu baita

Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendaria, atzo, prentsaurrekoan. OSASUNA.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendariaren iritziz, «zorioneko» daude, sasoia «klubaren historiako onena» izan baita, oro har. Konferentzia ligan aritzeko aukera izatea eta Kopako finalera iristea lorpen handia da, eta horrek modua emango die datorren denboraldian lau lehiaketatan parte hartzeko.

Brauliok bidean izandako une txarrak aipatu zituen atzo, taldearen sasoia aztertzeko egindako prentsaurrekoan: «Gogoratu nola geunden, eta ikusi nola gauden orain. Duela bi urte, elkarrekin sufritu genuen; orain, elkarrekin gozatu ditugu azken hilabeteetako lorpenak». Klubaren bidea bikaina izan da azken urteetan, eta, une gogoangarri batzuk aipatu ondoren, onartu du iragan igandekoa oso egun berezia izan zela: «San Mamesen sailkatu ginen Kopako finalerako, eta bulegoetan ospatu genuen igoera. Bazen garaia Osasunak Sadarreko zaleen aurrean zerbait garrantzitsua jokatzeko, eta bikain irten da».

Datorren denboraldia klubarentzat oso pozgarria izango dela esan zuen, baina zuhurtzia ere eskatu nahi izan zuen. Ligaren garrantzia azpimarratu zuen: «Europara joateaz gozatzeak ezin digu zigorra ekarri ligan, hori behar baitu klub honek. 42 puntuek erabateko lehentasuna dute».

Europarako sailkatzeak fitxaketen merkatua aldatuko duela adierazi zuen: hasteko, fitxaketen «kalitatea» aldatuko da, baina, batez ere, taldean «jokalari gehiago» beharko dira. Hainbeste lehiaketa jokatuta talde handiagoa beharko duela azpimarratu zuen. Fitxaketek garrantzi handia izango dute, baina argi utzi zuen Osasunak ezin duela burua galdu Europan jokatzeagatik bakarrik. Ligan postu bat gorago edo beherago egon, milioi asko daude jokoan. Osasunak 53 milioi inguru jasoko ditu zazpigarren postuan sailkatzeagatik, eta beste 750.000 euro Konferentzia ligako atariko kanporaketa jokatzeagatik. Gainera, ligaxkara sartuz gero, beste hiru milioi inguru hartuko ditu. Hala ere, kirol zuzendari izendatu zutenetik ahalik eta diru gutxien gastatu du Brauliok fitxaketetan, eta berdin jokazten segituko du: «Hamar edo hamabost milioiko jokalariak eskaini dizkigute. Uste dute Europan jokatzeagatik edozer ordaindu dezakegula, baina ez dakite zer talderekin ari diren».

Izenen dantza hasi da

Abuztuaren 24an eta 31n jokatuko ditu Osasunak Konferentzia Ligako ligaxkan sartzeko atariko partidak. Ordurako taldea prest egotea da xedea, eta fitxaketa batzuk aurreratuta daudela esan zuen Brauliok. Manu Sanchezek eta Ez Abdek, «printzipioz», ez dute jarraituko. Bi jokalariek eta Osasunak elkarri eman diotena nabarmendu zuen, baina beste jokalari batzuengan jarri zuen arreta. Aridanez ere hitz egin zuen. Bigarren itzulian ondo ibili ondoren, klubak berritzea eskaini dio, eta, kirol zuzendariaren hitzetan, «jokalariak erabaki beharko du zer egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.