Etapa lasaia zirudien atzokoak, Frantziako Tourreko seigarrenak. Baina, zoritxarrez, aipatzeko kontu asko utzi zuen: Peter Sagan (Liquigas) aise nagusitu zen, eroriko batek atzerapen handiak sortu zituen eta bat baino baino gehiago erretiratu ziren. Erorikoak eguneroko bihurtu dira, ohiko, baina atzo gertaturikoak ez dauka izenik. Helmugarako 24 kilometro falta zirela, tropelaren erdiak baino gehiagok arazoak izan zituen, eta Mikel Astarlozak eta Amets Txurrukak (Euskaltel-Euskadi), esate batera, etxerako bidea hartu behar izan zuten.
Astarlozak eskuin ukondoa hautsi zuen eta Txurrukak eskuin lepauztaia; Verdugok, berriz, kolpe handia jaso zuen hankan. Erietxera eraman zuten, eta gaurko ikusiko da lehian jarraituko duen edo ez. Hirurak ilusio handiz zeuden Tourrerako, baina alferrik. Gipuzkoarrak etaparen bat irabazteko asmoa zuen, eta pieza garrantzitsua zen Samuel Sanchezi mendian laguntzeko. Ahal duen moduan moldatu beharko du asturiarrak. Euskaltelek taldearen herena galdu zuen. Zoritxarrari, zoritxarra.
Eguneroko gidoia errepikatu zen etapan. Hasieran, lau txirrindulariko ihesaldia osatu zen, eta tropelak amesteko baimena eman zien. Ordea, helmugara gerturatu ahala, abiadura azkartu zuten esprinterren taldekideek, eta orduantxe sortu ziren arazoak. Errepidea nahiko zabala izan arren, jende andana joan zen lurrera, eta zutik geratu zirenek ez zuten barkatu. Aurrera egin zuten, eta atzekoak ezertarako aukerarik gabe geratu ziren. Sailkapen nagusirako hainbat faborito geratu ziren bertan: Alejandro Valverde (Movistar), Frank Schelck (RadioShack), Bauke Mollema (Rabobank), Michele Scarponi (Lampre), Pierre Rolland (Europcar)... Bi minutu pasa galdu zituzten, eta Tourra irabazteko ia aukerarik gabe geratu dira.
Denbora gehiago galdu zuten izen handiak ere izan ziren. Robert Gesink (Rabobank) hiru minutu eta erdira helmugaratu zen, eta Ryder Hesjedal (Garmin), zazpira. Atzoko arazoa soilik balute, gaitz erdi. Baina ez: kolpeen ondorioz, ezinean dabiltza bi ziklista horiek. Erorikotik bizirik atera zirenen artean bi faborito nagusiak daude: Bradley Wiggins (Sky) eta Cadel Evans (BMC). Zaku berean sartzeko modukoak dira Vincenzo Nibali (Liquigas), Andreas Kloden (RadioShack), Denis Mentxov (Katuxa) eta Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi). Azken horrekin lan aparta egiten ari dira talde laranjako kideak.
Saganen hirugarren garaipena
Harritzeko lana egiten ari da Sagan ere. Beste behin, erakustaldia emanda nagusitu zen, aspaldiko esprintik onenean. Aise garaitu zituen Andre Greipel (Lotto) eta Matthew Goss (Greenedge). Mark Cavendish (Sky) atzean gelditu zen erorikoaren erruz, eta garaipenerako aukera inoiz baino irekiago zegoen. Greipelek ez zuen kontrariorik izan aurreko bi egunetan, baina atzo bai. Atzo Sagan ahal guztiduna agertu zen, eta Tourreko hirugarren garaipena poltsikoratu zuen. Lottok eginiko lan ona ezin izan zuen baliatu alemaniarrak, eta Saganek ez zuen aukera alferrik galdu. Abiadurako esprint batean ere irabazten badakiela erakutsi zuen.
Aste honetako etapa denetan bezala, tarteko helmugako esprinta izan zen atzo ere. Greipelek ez du parte hartzen lehia horretan, baina gainontzekoek bai. Bada, Gossek irabazi zuen. Gero, ordea, ez zuen espero zen mailarik eman. Ezustea ematen David Zabriskie (Garmin) ahalegindu zen, bi kilometro falta zirela eraso bortitza jota. Bazirudien zerbait gehiago lor zezakeela, baina ez. Egunero bezala, esprintean amaitu zen lehia, eta elastiko berdea daraman eslovakiarrak erregulartasuneko lidergoa sendotu zuen.
Mendia gaur eta bihar
Orain arte protagonista izan direnek eginkizun gutxi izango dute gaur eta bihar, mendian sartuko baita tropela. Atzo denbora galdu zuten faboritoek askatasun gehiago izango dute erasoa jotzeko, eta etapak politak suerta daitezke. Okerrik ezean, ziklisten kokapen ona bermatuago egongo da. Izan ere, bakoitza dagokion lekuan egongo da. Alde horretatik, Samuel Sanchez lasai egoteko moduan dago, gutxiago igarriko baitu taldekideen hutsunea. Gaur 200 kilometro eskas osatuko dituzte txirrindulariek, eta lehen mailako mendate gogor batean amaituko da etapa, La Planchen.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Zoritxarrari, zoritxarra
Eroriko baten erruz, Astarloza eta Txurruka erretiratu egin dira, eta baliteke Verdugok ere erabaki hori hartzea; Sagan gailendu da berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu