ESKUBALOIA. EHF KOPA.

Zorteak izkin egin dio Bidasoari

VfL Gummersbach Alemaniako Ligako lehen sailkatua izango du aurkari Irungo taldeak EHF Kopako final-laurdenetan

Julen Etxeberria.
DONOSTIA
2005eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Alemaniako hiru taldeak saihestu nahi zituen Bidasoak atzo EHF Kopako final-laurdenetako zozketan, VfL Gummersbach bereziki. Bada otsoa aipatu, eta otsoa azaldu. Irungo taldeak Alemaniako Ligako liderraren aurka jokatuko du. Bidasoak, gutxienez, zortea izan zuen partiden ordenarekin. Joanekoa Alemanian jokatuko du, heldu den otsailaren 25ean edo 26an. Itzulikoa, berriz, Irunen jokatuko da, martxoaren 4an edo 5ean. Gaitzerdi.

Ez da harritzekoa irundarrek VfL Gummersbachen aurka jokatu nahi ez izatea. Talde historikoa da. Bere garaipen zerrendak ez du zalantzarako izpirik uzten: 12 aldiz irabazi du Alemaniako Liga, bost aldiz Kopa, bost aldiz Europako Kopa, bi aldiz Europako Errekopa eta behin EHF Kopa.Egun, lider da Alemaniako Bundesligan. 14 partida jokatu ditu: 12 irabazi ditu eta bi berdindu (TBV Lemgoren eta SG Kronau Ostringenen aurka). 434 gol sartu ditu (31 partidako) eta 355 gol jaso (25,3 partidako). Joan zen asteazkenean jokatu zuen Ligako azken partida, eta 31-32 irabazi zion HSG Nordhorni. EHF Kopan, Esloveniako RK Cimos Koper eta Suitzako Wacker Thun kanporatu ditu. Jokatu dituen lau partidak irabazi ditu: 27-29 eta 42-22 RK Cimos Koperri, eta 39-22 eta 20-27 Wacker Thuni.

Talde ikusgarria

Velimir Kljaic kroaziarrak talde ikusgarria du bere aginduetara. Atean, Steinar Ege norvegiarra eta Christian Ramota alemaniarra, internazionalak biak; lehen lerroan, Kyung-Shin Yoon korearra, Frank Von Behren alemaniarra eta Daniel Narcisse eta Cedric Burdet frantziarrak; eta bigarren lerroan, Gudjon Valur Sigurdsson (Ligako goleatzaile nagusia: 8,2 gol partidako) eta Robert Gunarsson islandiarrak.

Taldea ez da VfL Gummersbachek duen gauza ikusgarri bakarra. Bidasoaren aurkariak bi pistatan jokatzen du. Bata Eugen Haas pabiloia da, hirian bertan dagoena. 2.100 ikusle sartzen dira. Neurketa garrantzitsuak, ordea, Koloniako Kolnarena pabiloi erraldoian jokatzen ditu, Gummersbachetik 50 kilometrora. 19.250 ikusle sartzen dira bertan. Litekeena da Bidasoaren aurkako partida bertan jokatzea.«Asteartea eta 13 izanda, ezin genuen gutxiagorik espero», bota zuen etsita Julian Ruizek zozketaren berri izan ostean. «Europako talde indartsuenetakoa da, Ciudad Realen gisako taldea da:dirua barra-barra du». Bidasoako entrenatzaileak ez zion garrantzi handirik eman itzulikoa etxean jokatzeari. «Lehen partidan huts egiten badugu, ez du ezertarako balioko bigarrena etxean jokatzeak. Oso zaila ikusten dut aurrera egitea, baina, beno, bi hilabete baino gehiago gelditzen dira. Ea nola gauden orduan».Ruizek, halaber, azpimarratu zuen orain EHF Kopak «ezer gutxi» axola diola. Liga bakarrik du buruan, Algecirasen aurka gaur Artalekun jokatu beharreko partida bereziki (20:30). Irundarrek irabazi egin nahi dute, Espainiako Kopan aritzeko beste urrats bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.