Ea argentinarrak garen galdetu izan digute. Nik tangoa dantzatzen dut, baina hortik aurrera...», azaldu du umoreko Itziar Aguilarrek. «Niri, berriz, ea Oinatzen osaba naizen», gehitu du Mario Marinek. Oinatz Bengoetxearen bideari jarraiki bilduriko pasadizoetako bi baino ez dira. Bada ez, biak donostiarrak dira, tira Aguilar jaiotzez bilbotarra da, baina erabat donostiartua dago, eta, ziur asko, egun Euskal Herriko pilotazale ezagunenak dira.
Bengoetxea VI.ak jokatzen badu, bi horiek ez dira urrun ibiliko. Azken bi urteetan Marin fidelago zaio, Aguilarri dantzak egun libre asko kendu baitizkio, baina partida garrantzitsua bada, han dago bera ere. Euren pankarta soinean eramaten dute, Ni beti Oinatzen alde dioena. Marinek, halere, gordea du, superstizioz. «Binakakoan ez dut jarri, eta ondo doakigunez, gorde egin dut. Hori bai, buruz burukorako berriz ere harmailetara itzuliko da».
Bi zaleak eta Bengoetxea lagunak dira, eta haren familia eta gertukoekin harreman ona dute. Marin, esaterako, Alpeetara joaniko da Bengoetxea eta Asier Gartzia haren lehengusu eta botileroarekin. Partida eta kilometroen poderioz josiriko harremana da. «Azken zazpi urteetan txapelketako bere partida guztiak ikusiko nituen. Udako ferietako ia guztiak, eta herrietako asko. Urtean 40 partida inguru. Ahalegin handia da, baina Oinatz animatzeagatik merezi du», adierazi du Marinek. Gastua ere handia da, baina azkenaldian Bengoetxearekin doa partidetara eta enpresak pilotariari ematen dizkion sarrera bat edo beste erabili ahal izan du.
Kantxako harmailako lehen ilaretan esertzen dira beti, eta jokoa modu beroan bizi dute. «Ez gara kantxako ohiko zaleak, eta telebistak askotan ateratzen gaitu», dio Aguilarrek. Itxura fisikoa ere deigarria da: ile luzea, begi urdinak... Hortik dator haiek atzerritartzat jotzeko joera. Jadanik ezagunak dira pilota munduan, eta kalean ere agurtzen dituzte. «Aste Santuan Kontxatik paseoan gindoazela hiru aldiz oihukatu zidaten 'Aupa Oinatz'!», hartu du gogoan Marinek. «Jendea beti onera gerturatzen zaigu, errespetuz. Oinatz maitatua da, eta nik uste jendeak hura bezalakoa garela ikusten duela, eta agurtu egiten gaitu».
Kontxakoa deigarria da, baina badu anekdota hobea. «Gogoan dut Donostiako feria baten ondoren Errioxara joan nintzela mendi ibilaldi bat egitera. Herri txiki bat gurutzatu nuen, Los Cameros inguruan. Hiru biztanle egongo ziren, eta batek bota zidan: 'Aizu, zu Bengoetxearen laguna zara!' Bazkaltzera gonbidatu ninduten, eta egun-pasa egin nuen bertan! Oinatz oso maitatua da Errioxan, Titinekin jokatzean ikuskizun handia ematen zuen».
Pasioa da
Aguilarrek ere badu anekdota ona. «Leitzara joan ginen inauterietan, eta bertan gutaz jantziko zirela esan ziguten! Hori falta zitzaigun, hara joan eta gure dobleak ikustea». Leitza aldean ere aski ezagunak dira, maiz doazelako, eta han izango dira igande gauean, galdu edo irabazi. «Oinatz halakoa da», azaldu du Aguilarrek, «txapelketa bat bukatzen duenean beti egiten du afaritxoa. Berdin dio irabazi edo galdu». Eta eskertzen du, bera sufritzailea baita. «Bai, bai... zenbat aldiz ez naizen egon pilotalekutik irten eta joatekotan». Marinek ere pasio handiz bizi du. «Begira, Realak tituluak irabazten zituen garaietan hari jarraiki ibiltzeko pribilegioa izan nuen, eta Oinatzenak ez du zer ikusirik. Pertsona bat da, gertutik ezagutzen duzu... Pozak, eta atsekabeak, askoz handiagoak dira».
Memorian pozen bila jarrita, Aguilarrek handiena goratu du: «2008ko buruz buruko finala», eta Marinek gertuagoko beste bat gehitu du. «Irungo aurtengo partida. Irujo-Barriola 16 tanto baino gutxiagotan utzi behar eta 22-11 irabazi zuten. Hura izan zen hura jokatzea...». Igandean ilusioz joango dira Bilbora, sufrituz gozatzera. «Ez dakit orain izango den, baina Oinatzi esan diot txapel gehiago iritsiko direla, eta laster gainera. Bolada oso onean dago». Kantxan egongo dira, aurrealdean eserita, beti bezala, jende asko agurtzen.
EPELen Binakako Txapelketako finala
'Zu eta ni, beti Oinatzen alde'
Oinatz Bengoetxeak zale sutsurik badu, horiek Itziar Aguilar eta Mario Marin dira. 2007. urteaz geroztik, haren pausoei jarraiki dabiltza herririk herri, beti kantxako harmailatik animatuz, sufrituz eta gozatuz. Jadanik ezagun egin dira pilota munduan, baita pilotalekuetatik kanpo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu