Zubietako lurra ez dago lehorra

Umetako ametsa egia bihurtu dute sasoi honetan Joseba Zalduak eta Jon Gaztañagak: Realeko lehen taldeko jokalari izatea. Bikain ari dira biak, maila nagusian sendotzeko merituak egiten egunero.

jon eskudero
Donostia
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Denboraldiak aurrera egin ahala, Espainiako Ligako talde onenetako baten itxura hartzen ari da Reala. Joan den larunbateko Bartzelonaren aurkako 3-1ekoa da horren erakusle. Hobekuntza horri esker, bere buruarengan erabateko konfiantza izaten hasia da Jagoba Arrasate. Olatuaren aparretan egonagatik, dena den, ez da ari Zubieta alde batera uzten. Denboraldi-aurrean egin zion keinu bat harrobiari, bizpahiru jokalari deitu baitzituen lehen taldearekin entrenatzeko. Egiari zor, haietako guztiek apenas jokatu zuten gero. Azken partidetan, ordea, pieza garrantzitsu bihurtzen ari dira azken bi harribitxiak: Joseba Zaldua eta Jon Gaztañaga. Biek ala biek entrenatzailearen konfiantza irabazi dute. Bigarren taldeko jokalariak dira egun, baina horrela jarraituz gero, ia ziurtzat eman daiteke lehen taldekoak izango direla hurrengo sasoian.

Bai Zalduari bai Gaztañagari taldekideen lesioek zabaldu zizkieten lehen taldeko ateak, eta ez dute aukera alferrik galdu. Donostiarra eskuin hegaleko atzelaria da, eta postu horretan lehiakortasun handia sortzea lortu du. Dani Estrada eta Carlos Martinez min hartuta zeudelako jaso zuen Arrasateren deia, eta guztiak zur eta lur utzi ditu haren lan onak. Neymar, Messi eta enparauak txiki uztea lortu zuen ligako azken partidan, besteak beste. Gaztañagak ere bat baino gehiago utzi du aho zabalik. Erdilari postuan jokatzen du andoaindarrak, eta hamaikakoan sartzea Zalduak baino zailago daukan arren —lehia handia dago zelai erdian—, talentua sobera duela erakutsi du. Biak ala biak prest daude lehen taldearekin jokatzeko.

Lana eta pazientzia izan dute arrakastarako giltza. Izan ere, urte dezente daramatzate Realaren bigarren taldeko jokalari izaten. Zaldua 2006an iritsi zen Zubietara, eta gazte mailako taldeetatik igarota, 2010ean igo zen bigarren taldera. Urtebete lehenago izan zuen aukera hori Gaztañagak. 2004an heldu zen Zubietako harrobira, 13 urte zituela, eta bosgarren denboraldia du Realaren bigarren taldean. Biek ala biek izan dituzte aukerak Arrasateren esanetara jokatzeko, baina oinak lurrean dituzte. «Egun batetik bestera bizitza aldatu zait», esan du asteon Zalduak. «Bartzelonaren aurkako partidaz geroztik zorion mezu ugari jasotzen ari naiz. Halere, badakit Reala B-ko jokalaria naizela».

Ezaugarri on ugari plazaratu ditu donostiarrak jokaturiko partidetan: indarra, abiadura, nortasuna eta, batez ere, zentzua. Beti aukerarik egokienaren alde egiteko zentzua. 21 urte besterik izan ez arren, beteranoen pare jokatu du. «Konfiantza hartu arte, gauza sinpleak egiten saiatzen gara jokalariok, ezertan erotu gabe. Lehenengo egunetik taldekideek asko lagundu didate, eta eroso eta lasai jokatzen dut».

Nortasun handikoak biak

Urduritasunak, akaso, debuta egin zuen egunean eragin izango zion gehien, iazko azaroaren 23an. Realak 4-3 irabazi zion Celtari, eta bigarren zati aparta jokatu zuen Zalduak. 1-3 atzetik ziren txuri-urdinak, eta beldurrak atzean utzita, lotsagabe jokatzeari ekin zion. Lehenik, Nolito Celtakoa geratu, eta, ondoren, erasoan ahalik eta hobekiena jokatzen zentratu zen. Ongi baino hobeto bete zuen helburua. Lesio txiki bat tarteko, ezin izan zuen lehia amaitu, baina gustura erretiratu zen aldagelara. Hurrengo partidetan ere ez da apalago aritu. Hori bai, badu hobetzeko ikasgairik: erdiraketak hobeto egiten ikasi behar du.

Zalduak baino lehenago egin zuen debuta Gaztañagak. Iazko abuztuan, hain zuzen ere. Realak 2-0 irabazi zion Getaferi, eta 81. minutuan zelairatu zen. Gerora, Txapeldunen Ligan Bayer Leverkusenen aurka jokatzeko aukera ere izan zuen, baina Bartzelonaren kontrako Kopako kanporaketan agertu du bere maila. Xavi, Cesc, Busquets eta enparauei buruhausteak sortzea lortu zuen bi partidetan. Daukan nortasunaren berri ere eman zuen Anoetan. «Zeure burua bota duzu lurrera!», esan zion Andres Iniestari. Oldarkorra da, ez da erraz kikiltzen. Jokaldi guztietan jartzen duen intentsitatea du oinarri. Hain zuzen ere, horretan du hobetu beharra: gehiago neurtu behar du intentsitatea.

Gazte-gaztetatik nabarmendu da Gaztañaga. 2008an, esaterako, txapeldun izan zen 17 urtez azpiko Europako Txapelketan, Espainiako selekzioarekin. Lehen taldean sartzea kostatzen ari zaio, baina, Zalduak bezalaxe, hurrengo denboraldirako txartela ziurtaturik daukala ematen du. Biek ala biek 2016ra bitarteko kontratua daukate talde txuri-urdinarekin. Beraz, emango dute zeresana etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.