Zuri edo beltz: esnatu edo sufritu

Bosgarren lehia jarraian gal dezake gaur Lagun Arok, eta Bartzelonaren aurka jaikitzea, onena baita, zeregin zaila du

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hau ez da gelditzen, eta gelditzen ez delako, garaipena da gutxieneko exijentzia. Batzuentzat, talde handientzat, txapeldunak direlako. Bartzelonarentzat, adibidez. Besteentzat, helburu apalagoak dituzten taldeak direlako eta emaitza bolada txarrak min handia egiten duelako. Lagun Arorentzat, adibidez. Donostiarrek lau partida galdu dituzte jarraian, eta Kopan sartzeko erronka partiden erritmo eroan desagertu da. Orain beste bat da helburua: jaitsiera postuetatik urrun egotea. Oraingoz, hiru partidako aldea dauka Lagun Arok, baina, daraman bide okerra zuzendu ezean, bikoa bakarrik izan daiteke igande gauean.

Sinesgaitza, ezta? Ba egia biribila. Aste pare bat atzera, Kopaz ari ginen, eta orain sailkapeneko zuloaren gertutasunaz. Luzaz ez irabazteak dakarren ondorio txarra da. Atzetik bultzaka datozenek irabazi egiten dutelako. Jaikitzea ez da aukera bat, premia baizik, eta larria. Hori egitea Lagun Aroren esku balego, gaitzerdi, baina ez dago, aurrez aurre Bartzelona izango duelako, ligako liderra eta Europako txapelduna.

«Bartzelonaren aurkako atarikoak aspergarriak dira. Entrenatzaile guztiek antzeko gauzak esaten ditugu, Europako talderik onenaren aurka jokatzen duzunean ezin baita gauza berririk esan. Botere ekonomiko handia dutela erakutsi dute sasoia hasita Joe Ingles eta Alan Anderson fitxatuta. Horri berez daukaten talentua eta indarra gehitzen badiozu, txorakeria handi samarra da nik hemen partidaren inguruko gakoei buruz hitz egitea, ezta?».

Lasoren bakarrizketako bigarren hausnarketa: «Maisuak dira blokeoan eta jarraipenean, abantaila handia ateratzen dute ondo egiten badute, bai saskipean, bai kanpoko lerroan ere. Perovicekin indartsuagoak dira saskipean, eta korrika egiteko erraztasunak ematen badizkiezu, akabo, ez daukazu zer eginik. Defentsako lanari dagokionez ere, oso onak dira. Normalean ez dute alor horretan lan bikaina egiteko beharrik, erasoan apartak baitira, baina, beharra badute, defentsan ere onenak dira».

Lehen galdera: «Amets egin al daiteke, Bartzelonari irabaztea posible dela pentsatuz?». Erantzuna: «Deigarria egin zait erabili duzun hitza: ametsa. Ulertzen dut egoera, dagoena baita errealitatea. Nik konfiantza daukat nire jokalariekin. Baskoniaren aurka ondo jokatu genuen, baina asteazkenean, Zaragozan, denboraldi osoko lehen zatirik txarrena egin genuen. Jokalariek badakite zer dagoen jokoan, ez zute motibazio berezirik bilatu behar. Europako talde eta jokalaririk onenetako asko izango dituzte parean».

Pankorentzat kritikak

Laso kritiko mintzatu da azken asteetan jokalari zenbaiten jardunarekin. Haien zenbaki eta jardunaren inguruan. Bi aste atzera, Alacantek Donostian jokatu zuenean, jokalari batzuek zuten frustrazioa talde osora ezin zutela kutsatu bota zuen. Andy Pankorengatik ari zen, batez ere. Pankok Baskoniaren aurka partida bikaina eginez erantzun zion Lasori, baina Lasok ez zion lasaitasunik eman: «Ez da nahikoa Pankok partida on bakarra jokatzea. Partida guztiak jokatu behar ditu ondo».

Pankok zenbaki txarrak lortu zituen Zaragozan, Doblasek eta Salgadok bezala, eta epelak bota zizkien jokalariei partida osteko prentsaurrekoan, haien jarrera ez zela batere egokia izan esanez. Publiko egin nahi izan dituen mezu horien inguruan, entrenatzaile zuzena dela esan zuen Lasok: «Jokalariekin hitz egiten dut aurrena, eta kazetariekin gero. Haiek zuek baino lehenago jakiten dute nire iritzia, eta lasai nago. Jokalariekin tratu zuzena duen entrenatzailea naiz».

Lagun Arok bi partida jarraian jokatuko ditu etxean, eta bietako bat irabaztea komeni da, mamuak uxatu eta lehenbailehen esnatzeko. Bestela sufritzen hasiko da taldea. Biak galtzen baditu, zuloan murgilduko delako erremediorik gabe.

LAGUN ARO-BARTZELONA

Txapelketa. ACB ligako 17. jardunaldia.

Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Ritxi Uriz, Salgado, Lasa, Jimmy Baron, Alfonso Sanchez, Domen Lorbek, Panko, Tskitixvili, Miralles, Doblas eta Kone.

Bartzelona. Ricky Rubio, Sada, Lakovic, Navarro, Roger Grimau, Alan Anderson, Joe Ingles, Erazem Lorbek, Fran Vazquez, N'Dong, Morris eta Perovic.

Sailkapena. Lagun Aro 11. postuan dago, 7-9 balantzearekin; Bartzelona liderra da: 13-3.

Tokia. Donostia Arena 2016 (10.000 ikusle).

Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.