Urtea hasi berria denez gero, garai aproposa da 2026an estreinatuko dituzten bideojokoak errepasatzeko. Orokorrean, enpresa handiek jada osatuta daukate aurtengo egutegia. Batzuetan, datak zehaztuta daude dagoeneko; besteetan, urtea bukatu aurretik estreinatuko dituzten bideojokoak agendan apuntatzeko garaia da.
Ezustekoak egongo dira, hori ziur, hala nola ustekabean estreinatuko dituzten bideojokoak eta denbora askoan atzeratutakoak. Horixe bera ikus daiteke urtebete atzera eginda: Grand Theft Auto VI 2025ean kaleratuko zuela iragarrita zeukan Rockstar Games taldeak, eta, azkenean, ez da horrela izan. Aurten prest edukitzeko asmoa daukate: ikusi beharko.
Hardware aldetik, ez da kontsola berririk izango, iaz Switch 2 desiratua merkaturatu baitzuten, azkenik. Hala eta guztiz ere, PCko erabiltzaileek badute zeren zain egon, duela aste batzuk Valvek iragarri baitzuen Steam hardware sorta berria estreinatuko duela.
Hauek dira 2026ko estreinaldi handiak:
Urteko lehen bideojokoak
Urtarrilean kaleratze esanguratsuak izaten diren arren, ezin daiteke esan urteko hilabeterik indartsuena denik —ohikoa izaten da, Eguberrien ostean erosleek joera izaten baitute diru zorroari adi erreparatzeko—.
Otsailean bai, ordea: industriako talde handiek gogor ekingo diote. Dragon Quest VII Reimagined berregitearekin hasiko da bideojokoen festa; JRPG mitikoaren berregite hori otsailaren 5ean iritsiko baita.
Ez da atsedenik egongo ondoren. Nioh 3 otsailaren 6an iritsiko da, samuraiak eta deabruak batuz, PCrako eta PS5erako; Edmund McMillen indie sortzaileak katuak eta estrategia batuko ditu Mewgenics jokoan, otsailaren 10ean; Suda51 japoniarrak Romeo is a Dead Man eroaren akzio dinamikoa ekarriko du otsailaren 11n; biharamunean, otsailaren 12an, Mario Tennis Fever eta Yakuza Kiwami 3 & Dark Ties japoniarrak lurreratuko dira, eta, otsailaren 13an, Reanimal beldurrezko abentura plazaratuko dute Tarsier Studiosekoek.
Hilabetea bukatzeko, urteko argitalpenik handienetako bat kaleratuko dute:Â Resident Evil Requiem, Capcomen beldurrezko sagaren bederatzigarren atal handia; otsailaren 27an estreinatuko dute PC, PS5, Switch 2 eta Xbox Series gailuetarako.
Martxoak ere altxor ugari ekarriko ditu. Sakelako munstroen zaleek Pokemon Pokopia sormen eta kudeaketa obra ederra jasoko dute martxoaren 5ean; indie jokoekin jarraituz, hiri distopiko batean geratzen den Replaced ikusgarria martxoaren 12an kaleratuko dute, PC eta Xbox Series plataformetarako; egun berean, Fatal Frame II: Crimson Butterfly beldurrezko klasikoaren berregitea helduko da gailu nagusietara, eta jokalariek derrigorrezkoa izango dute kamera hartzea; Monster Hunter Stories 3: Twisted Reflection-ek munstroak harrapatzen jarriko ditu erabiltzaileak, ehizatu beharrean haiekin JRPG Japoniako rol jokoetako abenturak bizitzeko, martxoaren 13tik aurrera; mundu irekiko Crimson Desert akzio abentura desiratua, berriz, martxoaren 19an plazaratuko da; hilabetea amaitu aurretik, Play Stationek eta Bungiek Marathon polemiko bezain itxurosoa argitaratuko dute, hala PCrako nola PS5erako, nahiz eta oraindik ez duten jakinarazi zehazki zer egunetan aterako den, eta beste hainbeste gertatuko da Slay the Spire II roguelike jokoaren aurretiazko sarbidearekin.
Apirilari erreparatuta, Japoniako Capcom etxekoek ordurako eduki nahi dute prest Pragmata ikusgarria, apirilaren 24rako hain zuzen ere. Play Stationen eta Housemarquen Saros frenetikoa, bestalde, apirilaren 30ean kaleratu asmo dute.
Â
PCkoentzako jostailu berriak
Dena ondo bidean, Valvekoek hardware berria merkaturatzeko asmoa daukate urteko lehen hilabeteetan.
Bi gailu eta osagarri bat plazaratuko dituzte. Lehenik eta behin, Steam Machine ordenagailu txikien pizkundea etorriko da; bigarrenik, Steam Frame errealitate birtualeko kasko interesgarriak kaleratuko ditu Gabe Newell-en enpresak; azkenik, Steam Controller eraberrituari esker, gailu guztiok —eta gehiago— kontrolatzeko ahalmena eskuratuko du erabiltzaileak.
Â
Azaroan iragarri zuten horiek denak kaleratzeko asmoa Valvekoek: azaldu zuten «2026aren hasieran» merkaturatuko zituztela, baina eguna zehaztu ez. Tamalez, badirudi zain egon beharko dela. Izan ere, litekeena da RAMaren krisiak gogor eragitea hura erabiltzen duten gailuei: egunotan zenbaitek zabaldu dutenez, posible da Play Station eta Xbox kontsola berrien iritsiera berandutzea horren ondorioz; hori horrela, Steam gailu berriak ez dituzte garairik onenean aurkeztu, eta pentsatzekoa da Valvek aldaketa handiak iragarriko dituela. Prezioari soilik eragingo diote, beharbada, baina baliteke kaleratze eguna atzeratzea ere.
2026. urtearen bukaerako estreinaldiak
Lehen hilabeteetako bideojokoak alde batera utzita, badira aurrerago kaleratu asmo dituzten hainbat joko. James Bond espioiaren joko berria maiatzaren 27an estreinatuko du IO Interactive taldeak, 007 First Light; irailaren 9an, akzioa eta girotze txinatarra batuko ditu Phantom Blade Zero-k; azkenik, eta, beste atzeratzerik ez badago —bi izan baitira jada—, Rockstar Gamesek azken urteotako jokorik desiratuena kaleratuko du aurten, azaroaren 19an: Grand Theft Auto VI, PS5 eta Xbox Series kontsoletarako.
Â
Eta izango al da besterik? Bada, urtea bukatu aurretik argitaratuko dituzte The Duskbloods, Marvel’s Wolverine, Onimusha: Way of the Sword, The Blood of Dawnwalker, Elden Ring Tarnished Edition, Fable, Fire Emblem: Fortune’s Weave, Forza Horizon 6, Marvel Tokon: Fighting Souls, Mina the Hollower, Tomb Raider: Legacy of Atlantis eta Warhammer 40,000: Dawn of War IV, baina argitalpen eguna zehazteke daukate oraindik.