'3txulo' eta '3txulo Jokoan' saioek ez dute urtarrilean jarraituko

ETBk esan du '3txulo' markak aurrerago jarraituko duela, baina ez gaur egungo edukiekin

3txulo saioko pertsonaien gorabeherak ez dira ETBra itzuliko Gabonen ostean. EITB.
urtzi urkizu
2017ko abenduaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abenduaren 7an egin zuten ETB1eko 3txulo saioaren azkeneko grabaketa. Datozen egunetan neska-mutikoek ikusi ahalko dute saioa, baina urtarrilean ez du jarraituko. ETBk baieztatu du erabakia, eta adierazi du 3txulo markak aurrerago jarraituko duela, «baina ez orain arteko edukiekin». Arratsaldeetako 3txulo jokoan lehiaketak ere ez du jarraituko, eta hilaren 22an egingo dute azken saioa.

Etxeko txikienentzat astegunetako eskaintzarik gabe geldituko da orain ETB1. Irailaren 14an, ETBko eta bi saioetako arduradunek aurkezpen bat egin zuten. Jakinarazi zuten 3txulo saioa ETB3tik ETB1era pasatuko zutela, astegunetan goizetan. Eta 19:00etatik 20:00etara, 3txulo Jokoan lehiaketa berria emango zutela. Horiek horrela, azkeneko hiru hilabeteetan ETB1ek hiru orduko eskaintza egin du haurrentzat astegunetan.

3txulo saio fikzionatua otsailaren amaieran hasi ziren ematen ETB3n, 2016ko abenduan Sorgintxulo amaitu eta gero. Baleuko ekoizpen etxeak egin ditu haurrentzako programa horiek. Zuriñe Hidalgo zen Sorgintxulo-ren gidaria, eta, ondoren, Xbelen rola jokatzeari ekin zion 3txulo-n. Alboan izan ditu hilabeteotan Iker Galartza —2ttor— eta Amancay Gaztañaga —4ra—. Libe Aranburu batu zitzaien gero, Kattalinen pertsonaiarekin. Horien guztien gorabeherak idazten Xegun Altolagirre gidoilaria aritu da.

Amancay Gaztañagak honako hau idatzi du sare sozial batean: «Mila esker, familia, mundiala izan da zuekin bizitakoa, zuek ezagutzea eta konpartitu ahal izan dugun guztia. Lantalde osoari zer esan... zoragarria izan dela horrelako proiektu batean zuen ondoan lana egitea». Gaztañagak nabarmendu du neska-mutikoei transmititu dizkieten balioak: «Etxeko txikienak pluralitatean eta artearekiko maitasuna bultzatzen duen gizarte batean bizitzea posible dela irakasten saiatu gara egunero».

Proposamenak, ETB3rako

Bestalde, Idurre Cajaraville saioaren ekoizle eragile eta Baleuko ekoizpen etxeko arduradunetako batek aitortu du bi saioen ikusle datuak ez zirela onak. «Hala ere, ekoizpen etxetik goraipatu egin behar dugu lantaldeak egin duen lana. Edukiak ezin hobeak izan dira haurren hezkuntzari dagokionez. Eduki inklusiboak eskaini ditu programak, elkartasuna eta berdintasuna zabalduz. Edukiak oso ondo landu dira, eta balioetan egin da lan». Cajaravillek gaineratu du «pozik» daudela egindako lanarekin. «Nabarmentzekoa da hilabeteotan neska-mutikoen ehunka dei eta marrazki jaso ditugula».

ETBko zuzendaritzak Baleukori eta beste ekoizpen etxe batzuei eskatu die proposamenak egiteko, haurrentzako saio berri bat egiteko. «Baina ez da ETB1erako izango, ETB3rako baizik. 3txulo, behintzat, ez da itzuliko», azaldu du Cajaravillek. «Gu proposamen ahalik eta onena aurkezten saiatuko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.