Audio fikzioen sortzailea

Julio Rojas: «AAk sortutako zabor askoren artean, gizakiek sortutako podcastak izango dira harribitxiak»

Herrialde batetik bestera dabil azkenaldian Rojas, bere audio fikzioen arrakasta dela eta. Donostian ere izan da hitzaldi bat ematen. Ziurtzat jo du euskarazko audio fikzioek munduan bidaiatu dezaketela.

Julio Rojas audio fikzioen sortzaile txiletarra, maiatzaren 27an, Donostian. JON URBE / FOKU
Julio Rojas audio fikzioen sortzaile txiletarra, maiatzaren 27an, Donostian. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bederatzi urtez odontologo aritu zen Julio Rojas (Santiago, Txile, 1965). Zinemako gidoilari aritu zen gero, eta dozena bat filmen gidoiak idatzi zituen. Caso 63 audio fikzioarekin sekulako arrakasta lortu du, Txilen eta munduko herrialde ugaritan. Donostiako Podcast Geltokia jaialdian ere parte hartu du, Txinako robotika biltzar batera joan aurretik.

Zer estilotako gidoiak idazten zenituen zinemarako?

Nahikoa minimalistak: bi pertsonaiaren arteko elkarrizketak ziren asko. Zortea izan nuen La vida de los peces filmarekin (2010), atzerriko filmik onenaren Goya saria irabazi zuelako eta harrera beroa izan zuelako. Bikoteen arteko elkarrizketak ziren idatzi nituen gidoi asko. Hortaz, niretzat erraza izan zen gero audio fikziora pasatzea.

Zergatik?

Hor intimitatea anplifikatu egin zelako. Egiten ditudan audio fikzioak elkarrizketetan oinarritzen dira.

Caso 63 audio fikzioak aukera eman dizu munduan barna bidaiatzeko. Nola bizi izan duzu hori?

Zorionekoa naiz, hau guztia helduaroan iritsi zaidalako eta ez gaztaroan. Jabetzen naiz podcasta pandemia garaian entzun zela, eta horrek areagotu egin zuen zabalkundea. Dena dela, pentsatzen nuen burbuila bat izango zela, momentuko kontu bat. Baina iraun egin du, beste kultura batzuetara iritsi da, eta harritu egin nau horrek. 

Jatorrizkoa gaztelaniaz da. Ingelesez, hindiz eta portugesez ere grabatu dute. Mexikon, berriz, arrakasta handia duzu, ezta?

Mexikon, Caso 63-rekin asko zaletu den ekosistema berezi bat sortu da. Nire sorkuntza oinarritzat hartuta, hainbat bertsio egiten ari dira. Gustagarria da hori, nola ez. Eta ondotik estreinatu ditudan beste fikzioek oso harrera beroa izan dute Mexikon.

Simulacro Kanaria uharteetan sortu zenuen. Nola garatu zenuen proiektu hori?

El Extraordinario ekoiztetxearen lan bat da; uharteak ezagutzera gonbidatu ninduten hogei egunerako, eta fikzioa han idaztera. Ondas sari bat jaso genuen.

Oliveira pertsonaiarekin zer bitxikeria gertatu zitzaizun?

Fikziozko pertsonaia bat da, bere itzalaren atzetik dabilena. Simulazio batean bizi diren susmoa dago istorioan. Kontua da, egun batean, kalean nindoala, emakume bat topatu nuela, elastikoan hitz haue zeramatzana: «Oliveiraren bila bazabiltza, jarrai iezadazu». Jarraitu egin nion, harrituta, pentsatu bainuen ekoiztetxekoek txantxa joko moduko bat prestatu zutela.

Eta hala al zen?

Ez, ez. Oliveira gimnasio bat zen.

A zer kasualitatea!

Baina kasualitatea are handiagoa da, zeren elastikoa zeraman emakumea liburu denda batean sartu zen, eta Phlip K. Dick idazlearen eleberri bat erosi zuen. Eta, hain justu, idazle hori da simulazioaren fanatikorik handienetako bat. Bi sinkronia izan ziren, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausotuz.

«Edalontzia erdi hutsik ikusiz gero, uste izatekoa da pentsatzeko gaitasuna galduko dugula eta adimen artifizialaren mendekoagoak izango garela»

Orain adimen artifizialarekin lotutako fikzioak ere ari zara idazten.

Bai, Selección natural fikzioa gizaki baten eta AA baten arteko elkarrizketa da. Adimen artifizialak kontziente dela uste du, eta solasaldi filosofiko bat sortzen da hor.

Podcast Geltokia jaialdian adimen artifizialaren inguruko iragarpen batzuk egin dituzu. Ez al dute beldurra ematen?

Gizakiak ez diren adimen batzuk izango ditugu inguruan, eta gure egunerokoa aldatuko dute arlo askotan. Kognitiboki gizakiok egin behar dugun lana egingo dute, eta, hortaz, inteligentziaren sedentarismoa izango dugu. Edalontzia erdi hutsik ikusiz gero, uste izatekoa da pentsatzeko gaitasuna galduko dugula eta AAren mendekoagoak izango garela.

Eta edalontzia erdi beteta ikusteak zer ekarriko du? 

Ondo erabiliz gero, eta AAri galderak egin aurretik fin hausnartuta, inteligentzia anplifikatu egingo da. 

Podcasten arloari zer ekarriko dio AAk?

Podcast hibridoak garatzen hasiak dira. Spotifyk tresna bat sortu du, non erabiltzaileak gaia jartzen duen, eta AAk podcast osoa sor dezakeen. Zientzia fikzio pixka bat eginez, algoritmoak berak podcastak sortu ahalko ditu segundo gutxiren buruan. Zineman ere halakoak gertatuko dira. Hamaika ikusteko gaude.

Salbazorik ba al da?

Bai, zeren AAk sortutako zabor askoren artean, gizakiek sortutako podcastak izango dira harribitxiak.

Kasurako, BERRIAk 25 urte beteko ditu 2028an. Makinari eskatu ahal zaio podcast bat sortzeko?

Bai, bai. Eta esan ahal diozu gaiaz solasean jartzeko Pablo Neruda eta Virginia Woolf. Eta aztertu dezatela gaurko albiste bat. Eromena da.

Podcast Geltokia jaialdiko inaugurazioan, Edurne Ormazabal eta Maite Goñi euskaraz mintzatu ziren. Betaurreko berri batzuei esker, ulertu zenuen esan zutena.

Halaxe da. Smart glasses hauei esker, norbaitek beste hizkuntza batzuetan hitz egiten badu, segundo batzuetako atzerapenarekin itzulpena jaso dezaket. Epe laburrean, atzerapen hori ere ez da egongo, eta denbora errealean jasoko dugu. 

Robotaren urtea izango da 2027a.

Bai, eta horregatik joango naiz aurki Txinara, robotikako nazioarteko biltzar batera. Robot androideak datoz, askotariko funtzioekin. Ikusi nahi dut zer datorren, horren inguruan gero audio fikzioak idazteko.

Lasarte-Oriako Ulu Mediako estudioak ikusi dituzu. Euskaraz egindako fikzioek mundu osoan bidaiatu ahalko dute?

Zalantzarik gabe. Batetik, harritu nau Uluko estudioek duten puntako teknologiak: espaziontziak dirudite. Teknologia horrekin eta istorio onekin, mundu osora bidaia dezake euskarak. Hori bai, aktoreen ahotsak klonatzen badira beste hizkuntza batzuetarako, aktore horiei ondo ordaindu behar zaie. Gizaki batek egingo balu bezala ordaindu behar zaie aktore horiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA