Ez da izaten abuztua estreinaldi handien hilabetea. Gehienetan, telebista kate handiek eta plataformek udatik kanpo estreinatzen dituzte telesailak. Baina badira salbuespenak: Netflix plataformak, kasurako, abuztuaren 6an estreinatuko du Wednesday telesail arrakastatsuaren bigarren denboraldia. Baina denboraldi hori bi partetan iritsiko da: atal batzuk orain, eta hurrengoak irailaren 3an. Plataformak, era berean, baieztatu du hirugarren denboraldia filmatuko dutela. Jenna Ortega aktorea protagonista duen fikzio lanak sekulako datuak lortu zituen lehen denboraldiarekin: 252 milioi ikustaldi. Koreako Squid Game telesailak baino ez du gainditu orain arte. Tim Burton zinemagilea da telesailaren ekoizle eragile eta zuzendaria. Lehen denboraldiak euskarazko azpidatziak zituen, eta bigarrenak ere hala izatea espero da.

Amazon Prime Video plataformak Memento Mori telesailaren hirugarren eta azkeneko denboraldia estreinatuko du bihar, abuztuko lehen egunean. Aktore protagonista Yon Gonzalez (Bergara, Gipuzkoa, 1986) izan da denboraldi hauetan. Aurreneko bi denboraldiek euskarazko azpidatziak dituzte.
Apple TV Plus plataformak Chief Of War estreinatuko du bihar. Hawaiin girotuta dago, XVIII. mendean, eta Jason Momoa da sortzaile, ekoizle eta protagonista.
Bihar bertan, halaber, Disney Plusek Eyes of Wakanda animaziozko telesaila estreinatuko du —Marvel Animation-en ekoizpen bat da—.
SkyShowtime plataformak, berriz, Star Trek: Strange New Worlds telesailaren hirugarren denboraldia estreinatuko du abuztuaren 4an.
Movistar Plusek Outlander: Blood of My Blood telesaila estreinatuko du abuztuaren 9an. Diana Gabaldonen eleberrietan du jatorria. Eskozian dago girotuta.

Disney Plusek, berriz, Alien: Earth estreinatuko du abuztuaren 13an. Alien film sortaren prekuela gisa har daiteke, eta 2120. urtean dago girotuta. Noah Hawley da fikzioaren sortzailea, eta rol protagonista Sydney Chandler aktoreak jokatzen du. Egun berean estreinatuko du Amazon Prime Videok Butterfly —Arash Amelek eta Marguerite Bennetek sortutako izen bereko eleberri grafikoan dago oinarrituta—.
Aitziber Garmendia Netflixen
Herrialde Katalanetako Filmin plataformak La rebelle, les aventures de la jeune George Sand jarriko du bere katalogoan abuztuaren 5ean, eta Danimarkako Rebels, berriz, abuztuaren 12an. Plataforma horretara iritsiko da Tout cela je te le donnerai abuztuaren 19an.
SkyShowtime plataformak telesail beterano bat emango du: Law & Order telesailaren 24. denboraldiko atalak iritsiko dira abuztuaren 14an.
Disney Plusek The Twisted Tale of Amanda Knox estreinatuko du abuztuaren 20an.
Netflixek, Wednesday-ren atal berriez gain, egingo ditu beste estreinaldi batzuk abuztuan: abuztuaren 13an, Frantziako Young Millionaires; abuztuaren 14an, Argentinako En el barro telesaila; 20an, Brasilgo Pssica; 21ean, Erresuma Batuko Hostage; 22an, AEBetako Long Story Short animaziozko lana eta Hego Koreako Aema; eta 29an, Espainiako Dos tumbas.

Gainera, Netflixek emango du hemendik aurrera Muertos S.L. umorezko telesaila. Ekoizpen horren lehen bi denboraldiak Movistar Plusek ekoitzi zituen —Netflixen gaurtik aurrera ikusi ahalko dira—. Eta denboraldi berria, hirugarrena, abuztuaren 21ean estreinatuko du Netflixek. Komedia horretako aktoreen artean Aitziber Garmendia (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982) eta Lorea Intxausti (Donostia, 2000) euskaldunak daude.
Abuztuko azkeneko egunetan ere izango dira estreinaldi gehiago: Movistar Plusek I, Jack Wright estreinatuko du abuztuaren 26an; Amazon Prime Videok The Terminal List: Dark Wolf, 27an; eta SkyShowtimek, Suits LA, 28an.
HBO Max plataformak, halaber, estreinaldi hauek egingo ditu: Mexikoko Mujeres con hombreras, 18an; Peacemaker komedia fantastikoaren bigarren denboraldia, 22an; eta egun berean, Poloniako Scheda.
Muertos SL Movistar Plusetik Netflixera pasatu den moduan, La Caza telesaila TVE kate publikotik Movistar Plusera pasatu da. Gauzak horrela, La Caza. Irati telesaila Movistar Plusek estreinatuko du irailaren 4an. Nafarroan grabatu zuten duela hilabete batzuk, Iratiko oihanean eta inguruetan. Lehen hiru denboraldiak TVEk eman zituen, eta Movistarren ere ikus daitezke orain. Sara Cozar aktoreak (Ordizia, Gipuzkoa, 1980) pertsonaietako bat jokatzen du.