Adimen artifiziala erabiltzeko bere irizpideak jakinaraziko ditu BERRIAk asteartean

Euskarazko egunkariak dekalogo batean jaso ditu adimen artifizialaren gaineko irizpide deontologikoak, eta estilo liburuan txertatu. Ekainaren 17an aurkeztuko dituzte irizpideok, 19:00etan, Donostiako Viktoria Eugeniako klub aretoan.

BERRIAren Andoaingo erredakzioa. MENDI URRUZUNO
BERRIAren Andoaingo erredakzioa. MENDI URRUZUNO
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Adimen artifizialak eragin handia du dagoeneko arlo ugaritan. Baita kazetaritzan ere. Horregatik, BERRIAk dekalogo batean jaso ditu adimen artifizialari buruzko bere irizpide deontologikoak. Kode hori jendaurrean aurkeztuko dute datorren asteartean, hilak 17, 19:00etan, Donostiako Viktoria Eugeniako Klub aretoan. Irene Arrarats BERRIAko euskara arduraduna eta Eider Goenaga zuzendariordea izango dira hizlari. Ekitaldi irekia izango da, eta ez da izena eman behar.

Goenagak iragarri du «hizketaldi moduan» planteatuko dutela ekitaldia: elkarri galde-erantzunez. «Adimen artifizialaren kode berri honetaz hitz egitea da asmoa. Horrez gainera, estilo liburuaz eta kazetaritzaz ere hitz egingo dugu ekitaldian».

Irizpideak finkatzera ez dira egun batetik bestera iritsi egunkarian, BERRIAko zuzendariordeak argitu duenez: «Duela urtebete inguru, BERRIAko alor askotako arduradunen lantalde bat osatu genuen adimen artifizialaren gaiari heltzeko: zer egin, zer ez...». Goenagak oroitarazi du badirela hilabete batzuk adimen artifiziala etiketa sistemarako erabiltzen dutela: «Testuetan identifikatzaile batzuk jartzen ditugu, eta, gero, bilaketa egin daiteke etiketa horien bidez. Hori iaz lortu genuen adimen artifizialarekin egitea; makinak egiten du».

Baina gaiak ertz bat baino gehiago badu. «Ikusi genuen badagoela argitu beharreko korapiloa. Esan genion geure buruari: 'BERRIAn etikoki kokatu gaitezen gaian'». Hau da, adimen artifizialarekin zer egin daitekeen eta zer ez erabakitzeko lanari ekin zion kazetak. «Adibidez: giza sormena ordezka dezake adimen artifizialak? Egin dezagun gogoeta horren inguruan».

Ez bakarrik erredakzioarentzat

BERRIAko euskara arduradun Irene Arraratsek bere gain hartu zuen proposamen bat lantzea. Beste hedabide batzuetako estilo liburuak eta kodeak aztertu, eta proposamen bat osatu zuen. «Erredakzio zuzendaritzarekin eman zen lehen pausoa. Bestetik, adimen artifizialaren lantalde horrek bere ekarpenak egin zituen», azaldu du Goenagak. «Eta horrela erabaki dugu zein izango diren gure irizpideak adimen artifizialari dagokionez». Datorren asteartean jakinaraziko dizkiete herritarrei.

Goenagak nabarmendu du landutakoak ez diela soilik kazetariei eragingo. «Etxe barruko funtzionamendua arautzen du, ez bakarrik erredakzioarena. Sormena eskatzen duen beste alor batzuei ere badagokie; adibidez, publizitateari. Baita argazkigintzari eta ikus-entzunezkoei ere». Enpresa osoari eragiten dio, beraz. «Aldi berean, dekalogo hau bada gizartearekin hartzen dugun konpromiso bat». BERRIAren komunitateak, BERRIAlagunek eta irakurleek jakingo dute testuak nola eginak dauden, eta jakingo dute zer ez den egingo.

Egunkariko zuzendariordeak argi du adimen artifizialaren atala, estilo liburuaren besteak bezala, moldagarria izango dela etorkizunean. «Beharra dagoen neurrian, berrituz joango gara. Litekeena da urtebete barru gauza berriak gehitu behar izatea. Erreferentziazko beste komunikabide batzuei begiratuko diegu gaian zertan ari diren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.