Amoroton eta Berriatuan Goenkale-ren zale amorratuak dira. Eta zale horietako dozena batzuk Miramonen izan ziren asteazken gauean, telesailaren 18. urtemuga ospatzeko gala berezian. «Asmoa 18 urteak ikusleekin ospatzea da. Hainbeste urtetan jarraitu badugu, ikusleei esker jarraitu dugu. 18 urte egin ditugula esatea eskasa iruditzen zitzaigun, eta gure aktoreen pasadizoak partekatu nahi genituen», azaldu du Olatz Beobidek, duela bost urtetik telesaileko zuzendaria denak. Asteazkenean grabatu zen gala ekainaren amaieran ikusi ahalko da ETB1en, denboraldia amaitu ostean.
Aktore gazte eta beteranoak bildu ziren galan, garai batean Goenkale-n lan egin zutenak eta egun bertan dabiltzanak, guztiak dotore jantzita. Beteranoen artean Arantxa Gurmendi (Hortentsi), Iñaki Bergara (Kaxkurrio), Maite Bastos (Margari) eta Pedro Otaegi (Eusebio) zeuden. Otaegi «oso alai eta gustura» sentitu zen lagun zaharrak topatuta: «Goenkale niretzat eskola bat izan da. Bizitzan asko erakutsi dit, hainbat alorretan. Ni, neurez, lotsatia naiz, baina jendaurrean egoten ikasi nuen telesailari esker». Bastos gurpil aulki batean iritsi zen, hanka bat zauritua du eta: «Hamasei urtez aritu nintzen telesailean. Goenkale niretzat gustuko lana izan zen. Eta hamaseigarren urtean ere konturatzen zara beti ikasten duzula zerbait». Gaizkaren rola jokatzen zuen Niko Lizeaga, eta Ginarena egiten zuen Teresa Lopez de Muniain; haiek ere galan zebiltzan, baita Anabel Arraiza eta Idoia Uranga aspaldi aktore aritutakoak ere. Azkeneko urteetan telesailean aritu eta orain beste lan batzuetan dabiltzan aktore gazteek ez zioten ospakizunari muzin egin: Sara Cozar, Kepa Errasti, Yannick Bergara, Fariba Sheikhan... Umore onez guztiak. Eneritz Artetxe, Maite Arrese eta Itziar Urretabizkaia han zeuden. Baita Jabi Elortegi hainbat urtez telesaileko zuzendari izandakoa ere. Iñaki Eizmendi zuzendari eta ekoizle eragile ohia batekin eta bestearekin berriketan zebilen Miramonen.
Loreto Mauleon (Joana) eta Joanes Passicot (Manex) izan ziren galako aurkezleak; Passicotek tximeleta bat zuen kolkoan, Arralden erabili ohi duen janzkeraren aldean oso bestela jantzita zegoela. Egun telesailean agertzen diren beste aktore batzuk, berriz, kantuan aritu ziren galan. «Nahiko urduri nago, baina gustura. Dantza pixka bat eta barre batzuk ere egingo ditugu», esan du Amaia Ruizek (Malen) gala hasi baino minutu batzuk lehenago. Aurreneko denboraldia egin du Goenkale-n Ruizek: «Esperientzia oso ona izan da. Sentitzen dut lagunak egin ditudala hemen eta asko ikasi dudala aktore gisa». Miren Gaztañaga eta Maitena Salinasekin batera, Gariren Amets kantatu zuen Ruizek. Tessa Andonegik eta Asier Hernandezek, berriz, Itoizen Hegal egiten pasioz abestu zuten. Abeslari profesionalentzat tartea ere izan zen galan: Demode Quartet taldeak Aitormena-ren bertsio eder bat eskaini zuen. Talde horretako kantari Joli Paskualenak rol txiki bat jokatu du aurten: Karlosen emazte ohiarena.
Umorerako tarte bat baino gehiago izan zen galan. Joseba Usabiaga (Tximista) eta Iker Galartza arpa joka ibili ziren. Eta Goenkale-rekin trufaka esketx laburrak egin zituzten Itziar Urretabizkaiak, Asier Oruesagastik eta Xabier Perurenak.
19. denboraldirako lanean
Behin 18. denboraldiko grabaketak amaituta, datorren denboraldiari begira hamabi aktore berri aukeratzeko hautaprobak egiten ari dira egunotan Miramonen.19. denboraldian «gertuagoko gaiak» iritsiko direla jakin dugu. Irailean iritsiko denaren aurrerapen txiki bat ikusi ahalko dute ETBko ikusleek hilaren 19an.
Komunikazioa
Adin nagusitasuna ospatuz
Amaitu ditu 'Goenkale'-k denboraldiko grabaketak. Asteazken gauean, berriz, gala batekin ospatu zuten 18. urtemuga. Datorren kurtsorako 12 aktore berri aukeratzeko hautaprobekin dabiltza orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu