«Denek dute norbait alde: aberatsek jainkoa eta polizia, pobreek izarrak eta poesia». Hitzok alderik alde betetzen dituzte bi orrialde beltz. Eta ohar bat ere bada: «Zeru ahoak-en sorkuntza prozesuak iraun duen denbora guztian, esaldi hau egon da idatzita nire mahai pareko kristalean. Fikzioan pobreei irabazten utzi bai, baina errealitatea aberatsena dela gogorarazteko». Hondar ahotik zeru ahora liburua zabaldu, eta edozein ezusteko aurki dezake irakurleak. Betiere, Hondar ahoak eta Zeru ahoak telesailen bueltakoa. Koldo Almandozek ondu du liburua, bi telesail horiek sortu eta grabatu bitartean bildutako materialak baliatuta. Farmazia Beltzak argitaratu du. Oraingoz, 350 ale baino ez dituzte plazaratu.
Hondar ahoak telesailaren argazki ederrekin osatuak daude hamalau orrialde liburuaren hasierako partean. Lantaldean parte hartu zuten askoren iruzkinak ere irakur daitezke gero. «Batetik, nolabait omenaldia egin nahi nion Hondar ahoak-en eta Zeru ahoak-en parte hartu duen lantaldeari», azaldu du Almandozek. «Lantalde artistikoari eta teknikoari gorazarre egiteko modu bat ere bazen». Haien argazkiak ageri dira liburuan, baita testu laburrak ere.
Bestetik, Donostiako zinemagileak aitortu du halako liburu bat zaleentzat dela bereziki. «Asko gustatzen zait zinemari eta antzerkiari buruzko liburuak irakurtzea, bereziki aktore edo zuzendari batek eguneroko bat argitaratzen badu, edo ofizioaz mintzo bada liburu batean». Hondar ahotik zeru ahora liburua, beraz, «telesail horrekin disfrutatu dutenentzako oparitxo gisa» hartu du Almandozek. «Ez da liburu akademiko bat». Bistan da.
Aritz Truebaren marrazkiak
Almandozek Natasha komiki liburua plazaratu zuen Aritz Truebarekin batera. Hondar ahoak eta Zeru ahoak telesailen kartelak ere Truebak egin ditu, eta, oraingoan, komiki formatuko pasarte batzuk osatu ditu libururako —Almandozen gidoiaren osagarri—. Nerea Garcia protagonistaren pasarte batzuk eraman dituzte komikira —Nagore Aranburuk jokatzen du Garciaren rola—.
Harkaitz Canok Zeru ahoak-en gidoien idazketan parte hartu zuen, eta zera dio liburuan: «Ezin ahaztu aho hitzak dituen bi adierak: labanaren ahoarena, batetik, eta bizitza ahokada harrapatu, edan, irentsi nahi duenarena, bestetik...». Bigarren telesaileko argazkien sarreretan, esaldi iradokitzaile batzuk badira: «Ez da zerua, ezta urdina ere. Izarrak gurekin zeuden. Zerua irauli baino, infernua astindu. Zerua itsaso zikin bat da».
Filmaketa egun bateko plan zehatza. Halakoak ere badira liburuan. «Hau dozenaka eta dozenaka jende mugitzen duen lanbide bat da», dio Almandozek, eta, plangintza orri horiek liburuan sartuz, agerian utzi nahi zuen «zenbat lan egin behar den horrelako baldintzetan horrelako telesail bat egiteko».
Liburua gaztelaniaz argitaratzea eskaini zioten Almandozi. Baina argi zuen ez zuela hala egin nahi. «Hondar ahoak eta Zeru ahoak telesailen ikusleria Euskal Herrikoa da. Eta, askotan, tranpa egiten diogu geure buruari: 'lokaletik hasi globalera pasatzeko' esaten dugu, eta zuzenean arlo globalera jotzeko aitzakia izaten da hori». Liburuaren kasuan ere, «irakurle horiexentzat» egin nahi zuen, bi telesail horien zaleentzat.
Marmol estudioko Sebas Legardarekin batera ondu du Almandozek liburua. Agerikoa da edizio zaindua dela. «Objektu zaindu bat da». Eta, hura osatzeko prozesuan, disfrutatu egin du zinemagileak. «Asko gozatzen dut liburuak editatzen. Maketatu, diseinatu, nola, zer eta non jarri erabaki, paperak aukeratu. The balde aldizkaritik datorkidan zerbait da». Edizio murriztu bat egin dute. Eta objektuaren helburua definitu du egileak: «Norbaitek gordeko lukeen zerbait izatea nahi genuen, apaletatik liburuak botatzen hastean ez dezaten erabaki lan hau botatzea».