'Aitaren etxea' jaio eta Arralde hilko den urtea

Kike Amonarrizek 'Burubero' lehiaketa berria aurkeztuko du.'Zuek hor' saioa Ibon Gaztañazpik eta Marta Elvirak aurkeztuko dute

Bilbon aurkeztu zuten atzo ETBren udazkeneko programazioa. ETB.
urtzi urkizu
2015eko irailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ETB, inoiz baino gehiago lelopean aurkeztu dute EITBko arduradunek udazkeneko programazioa. Hurrengo hilabeteetan ikusiko da inoiz baino ikusle gehiago lortzen dituzten. Izan ere, ikusle datuen arabera hartzen ditu erabakiak telebista publikoak, eta apustu berriek izango dituzten datuen esperoan da orain zuzendaritza. ETB1ek saio hauekin osatuko du denboraldiaren lehen hilabeteetako programazioa:

'AITAREN ETXEA' TELESAILA

Pausoka ekoizpen etxearen telesail berria 1950eko hamarkadan dago girotuta, kostaldeko herri batean. Astearte gauetan emango dute —hilaren 22an edo 29an estreinatuko dute—. Aktore protagonistak Loreto Mauleon, Ander Azurmendi, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga eta Felix Arkarazo izango dira. Jabi Elortegi da zuzendaria.

'GOENKALE': AZKEN ATALAK

Hilaren 28tik aurrera ikusi ahalko da telesailaren azkeneko denboraldia. Aspaldiko pertsonaia batzuen ezusteko bisitak, familia arazo batzuen amaiera eta luzaroan gordetako sekretuak ezagutuko dituzte ikus-entzuleek. Abenduan emitituko dute azkeneko atala.

'BURUBERO' LEHIAKETA

ETB1eko berrikuntza handienetako bat izango da. Lehiaketa berria astelehenetik ostiralera emango dute, 19:00 aldera; hilaren 21ean hasiko da. Kike Amonarrizek aurkeztuko du, eta zuzendaria Xabier Aurrekoetxea izango da. Tokiak, jendea eta kultura orokorrarekin lotutako galderak eta jokoak izango dira ardatza. Tokiekin, adibidez, Non gaude? jolasa egingo dute. Haurrek eta adineko pertsonek ezkutuko kontzeptu bat azaldu, eta lehiakideek asmatu egin beharko dute. Bost lehiakidetik bi iritsiko dira saioaren amaierara, eta platoko zoruaren gainean ibilbide bat egingo dute, galderei erantzunez. Formatua berria da, Orio ekoizpen etxeak sortua.

'ZUEK HOR' BERRITUA

Datorren asteazkenean hasiko du denboraldia Zuek hor saioak. Bi aurkezle berri izango ditu: Ibon Gaztañazpi eta Marta Elvira. Elkarrizketak, musikak, umoreak eta kaleko erreportajeek osatuko dute saioa. Aktore taldean izango dira Anjel Alkain, Aitziber Garmendia, Iker Galartza eta Ana Elordi. Musikaren ardura Aitor Gabilondok eta Zukutu Band taldeak izango dute.

'AZPIMARRA'

Maddalen Iriartek aurkezten duen saioko lantaldera Iban Garate eta Ilaski Serrano iritsiko dira. Hilaren 28an hasiko dute denboraldia. Kulturak tarte zabala izango du programan, baita zientziak ere. Ekonomiari eta politikari buruzko solasaldiak egingo dituzte arratsaldero.

'HERRI TXIKI, INFERNU HANDI'

Igande gauetan emango dute saioa, Hasier Etxeberriaren Euskaldunak amaitzen denean. Aurreko denboraldian bezala, herri txikiak ezagutzen ibiliko dira batera eta bestera Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga.

'TEKNOPOLIS'

Denboraldi honetan 18 urte beteko ditu Elhuyar fundazioak zientziaren inguruan egiten duen saioak. Nagore Rementeriaren lekukoa hartuko du zuzendaritzan Bego Zubiak. Aurkezlea Iñaki Leturia izango da, aurreko denboraldian bezala. Aurten ahalegin berezia egingo dute saio tematikoak aurkezteko, baita Euskal Herriko industriara hurbiltzeko ere.

'GU TA GUTARRAK'

Astelehenean hasiko du denboraldi berria gaztetxoentzako Gu ta Gutarrak saioak. Hamabi neska-mutilek Orioko (Gipuzkoa) Txurruka aterpetxean egingo dituzte asteburuetako egonaldiak, eta hango gorabeherak platoan ikusiko dira gauero. Virginia Marañak eta Olaia Ruedak erronken berri emango dute platoan, eta Ihintza Irizar aurkezle-laguntzailea hasiko da saioan. Julen Telleriak jarraituko du aurkezle nagusia izaten.

'MINUTO A MINUTO', ETB2N

Safari Wazungu —bihar hasiko da— eta Tú al norte y yo al sur saio berriak alde batera utzita, ETB2k gaurkotasuneko gaiak sakon aztertzeko ahalegina egingo du asteazken gauetan. Datorren astean estreinatuko dute Minuto a minuto programa —ETBko albistegietako lantaldeak ekoitzia—. Aintzane Bolinaga kazetariak aurkeztuko du, Miramongo estudioetan. Eztabaidak, elkarrizketak eta erreportajeak uztartuko dituzte, iritzi pluraltasuna islatzeko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.