'Aitaren etxea' telesaila datorren astean hasiko dira grabatzen

ETB1ek irailean estreinatuko du saioa.Lehen denboraldiak ordubeteko hamabost atal izango ditu.Jabi Elortegik zuzenduko du

Kandido Uranga, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea eta Loreto Mauleon dira telesaileko aktoreetako batzuk. JON URBE-GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
65 pertsona baino gehiagoko lantaldea osatu dute Pausokak eta ETBk, eta, Jabi Elortegiren zuzendaritzapean, datorren astelehenean hasiko dituzte Aitaren etxeak euskarazko telesailaren grabaketak. ETBk iragarri du udazkenean estreinatuko duela, irailetik aurrera. Horrenbestez, urteko azkeneko hiruhilekoan bi fikzio izango dira batera euskarazko katean: Goenkale eta Aitaren etxea.

Dekoratu naturaletan grabatuko dute osorik telesaila. Elortegik aurreratu duenez, Gipuzkoako Zestoa, Legazpi eta Hondarribia herrietan grabatuko dute. «Guk jarraitzeko asmoa dugu, denboraldi gehiago egiteko. Ikusi beharko da ETBk zer balorazio egiten duen». Ordubeteko hamabost atal grabatuko dituzte datozen zortzi asteetan.

Punta-puntako aktoreak bildu dituzte telesaileko rol protagonistak jokatzeko: Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Loreto Mauleon, Kandido Uranga, Felix Arkarazo, Anartz Zuazua, Ander Azurmendi eta Iñaki Beraetxe. Aitor Mazok jokatu behar zuen roletako bat, eta lantaldeak besarkada bat bidali dio familiari.

1950eko hamarkadan

Euskal Herriko historiari lotua izango da fikziozko saioa, hain justu, 1950eko hamarkadari. Zelaia eta Egaña familiak izango dira protagonistak. Zelaia sendiak hotel bat du, baina 1936ko gerraren ostean, turismoak behera egin, eta garai zailean egongo da. Luis Egaña, berriz, herriko alkatea eta fabrikako bazkidea da. Haren alaba Irene eta Jabier Zelaia gaztea maitemindu egingo dira, baina bi familien arteko harremana korapilatsua izan zen garai batean. Irenek eta Jabierrek sentimenduak oztopo guztien gainetik daudela pentsatzen badute ere, laster jabetuko dira ez dela hain erraza iraganaren atzaparretatik ihes egitea.

Telesaileko argazki zuzendaria Gaizka Bourgeade izango da (Bertsolari, Arriya...). Makillajeaz Karmele Soler arduratuko da —La piel que habito filmeko lanari esker Goya saria lortu zuen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.