Bilboko Aste Nagusia

Aldarri guztien Aste Nagusia

Bilboko Aste Nagusia hasteko, Zea Maysen 'Negua joan da ta' abestiaren doinua erabili du Aiora Renteria pregoilariak. Aldarrikapen asko izan ditu hizpide. Aurretik, udaltzainek presoen aldeko pankarta bat kenarazi dute.

Aldarri guztien Aste Nagusia.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Berandu heldu zen txupinazoa atzo Bilboko Arriaga antzoki aurreko plazan pilatutako festazaleentzat. Suziria kokatze hutsak sekulako oihuak eragin zituen; txilioak ez ziren eten ordutik, eta nabarmen ozendu ziren balkoira irten zirenean Aiora Renteria pregoilari eta Zea Mayseko abeslaria eta Izaskun Pinedo txupinera eta Pinpilinpauxa konpartsako kidea. 19:00ak ere ez ziren oraindik, eta, hala ere, jada beranduegi zirudien bertaratutakoentzat. Festa grina are nabarmenagoa egin zen Renteria berbetan hasi zenean. «Nire erara egingo dut», ohartarazi zuen. Eta Zea Maysen Negua joan da ta abestiaren lehen notak aditu ziren. Orroekin hartu zituzten.

Kantuan bota zuen pregoia Renteriak, taldearen abesti ezagunaren letrarekin uztartuta, eta nagusiki euskaraz, gaztelaniazko bi esaldi salbu. Jaietara deitzeko erabili zituen doinuak: «Beti dena eman behar da / Bilboko jaietan». Gogoan izan zituen gertukoak: «Eskerrik asko, benetan/ oso harro sentitzen naiz. / Eskerrik asko aita eta ama,/ eskerrik asko Zea Mays». Eta oroitu zen, era berean, beste hainbat ertzez, Renteriarena aldarrikatzeko pregoia ere izan baitzen.

1983ko uholdeak gogoan, konpartsen orduko eta egungo elkarlana goratu zuen, aurtengo jaiak alderik alde zeharkatuko baititu ezbeharrak. «Bilboko Konpartsarik barik,/ ez dago Aste Nagusirik», azpimarratu zuen. Eta ahotan izan zituen, halaber, Bilboko auzoak: «[Taldeko] Laurak bilbotarrak gara, / Santutxu, Irala eta errekaldetarrak./ Maite ditugu auzoko jaiak,/ eta ez dugu ahaztuko Kukutza». Eta txalo zaparrada batekin jaso zuten festazaleek abeslariaren aldarri feminista. «Mesedez ondo pasa aurten Bilboko jaietan,/ beldurrik gabe denok kaleak betetzera./ Laztandu nazazu orain,/ nire baietza duzunean./ Badakizu noiz den ezetz,/ ez dizut azaldu behar./ Eta larrua jotzean, garrasirik ozenena». Keinu hizkuntzako interprete batek itzuli zituen pregoilariaren hitz guztiak.

Harrera ona izan zuten Renteriaren berbek, baina beste aldarrikapen batzuk isilduak izan ziren. Txupinazoa baino lehen, Arriagako balkoian hainbat eragile pankartak jartzen ari zirenean, udaleko arduradun bat Txori Barroteko konpartsakideengana joan zen, Presoak eta iheslariak etxera zioen pankartetako bat kentzeko esanez, kamerak leku horretan jarri behar zirelako aitzakian, gertakariaren lekuko izan ziren Aske elkarteko kide batzuen arabera.

Haien hitzetan, 30 udaltzain inguru joan ziren konpartsakideengana, baina ez zen istilurik egon; Txori Barrotekoak haiekin hitz egiten saiatu ziren, patxadaz, azalpenak eskatuz, baina udaleko arduradunak pankarta eraman zuen, azkenean. Ernairen pankarta batzuk ere kendu zituztela salatu zuten. Dena dela, presoen aldeko beste pankarta zegoen tokian utzi zuten, eta beste horrenbeste plazaren inguruan kokatutako banderola mordoarekin ere. Horiek ez ezik, konpartsen bandera handiek bete zuten plaza, beti bezala.

Animoak berotuta

Askoz lehenago piztu ziren gogoak, ordea: 17:00etan, konpartsa guztiak prest zeuden festarako, soinean kamisetak, eta eskuetan edalontziak, edo musika tresnaren bat, edo bozgorailuak eramateko gurdiaren heldulekuak: betikoak zeuden, baita berriak ere —aurreneko Aste Nagusia dute Txinparta Feminista eta Luberri konpartsek—, eta, segizioaren bukaera aldean, desagertu den Mamikiko hainbat andre ere bazeuden; lagun mordoa batu zen txupinazoaren aurreko desfilean, Zazpikaleetan.

Adi zeuden bazterretara: festazale andana zegoen kalean, konpartsakideei begira, askotariko musikarekin eta zaratarekin gozatzen, are dantzatzen, baten batzuk. Adi zeuden aurrera, gainerako konpartsetakoekin tupust ez egiteko. Eta adi zeuden gora, balkoietatik ura botatzen zieten auzokideei so. Bozgorailuak zeramatzatenen erreguak. Eta mesfidantza: «Ura delakoan, batek daki zer botako duten». Arriaga plazara heldu zirenerako, askok gorputzean itsatsia zuten kamiseta blaitua, izan uragatik, izan izerdiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.