Aldatu Gidoia: «ETBren hitzak itxurakeria hutsa dira»

Mugimendu euskaltzalearen iritziz, EITBk «premiaz» egiteko lan batzuk ditu: «Demokratizazio prozesu zintzo eta sakon bat abiatzea, eta norabide estrategiko bat martxan jartzea».

Unai Iparragirre ETBko zuzendaria Input konferentzian, maiatzaren 6an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Unai Iparragirre ETBko zuzendaria Input konferentzian, maiatzaren 6an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 13a
10:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Aldatu Gidoia mugimenduak kritika gogorrak egin dizkio EITB taldeari. Kritiken abiapuntutzat hartu dituzte Unai Iparragirre ETBko zuzendariak Input munduko telebista publikoen konferentzian egin zituen hitzak. Maiatzaren 6an, Iparragirrek Bilboko Euskalduna jauregian adierazi zuen EITBren ildo estrategikoak «euskal frame-a [euskal identitatea], kultura, euskara eta zerbitzu publikoa» direla. «Aldatu Gidoia egitasmoko kideok uste dugu adierazpen horiek itxurakeria hutsa direla eta ez datozela bat EITBren urteetako praktikekin».

Ildo estrategiko horien aipamena ez da berria EITBko arduradunen ahotan, lehendik ere aipatu izan baititu EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak.

Mugimendu euskaltzaleko militanteek diote EITB sortze helburuetatik aldendu dela. «Zerbitzu publikoa izateko, urgentziazkoa da demokratizazio prozesu bat abiatzea eta norabide estrategiko bat martxan jartzea». Aldatu Gidoiaren arabera, «onartezina da talde publikoa alderdi politiko baten edo batzuen zerbitzura egotea».

«EITBk, hedabide publikoa den heinean, zuzendaritza independentea behar du izan», gaineratu du Aldatu Gidoia mugimenduak. «Ez da onargarria EITBn ardura postuetan alderdien zerbitzura daudenak edo alderdietan ardura postuak izan dituztenak jartzea». Hortaz, honako proposamen hau egin du talde euskaltzaleak: «Herritarren eta sorrera printzipioen zerbitzura aritu behar du EITBk (besteak beste, euskararen berreskurapenaren zerbitzura), eta hori gobernantza eredu berri batekin lortzen da; profesionaltasunean, aniztasunean, objektibotasunean eta neutraltasun politikoan oinarritutako eredu batekin».

Aldatu Gidoiaren iritziz, «ezin agerikoagoa da» EITB «erabat» aldendu dela helburu estrategikoetatik. «EITBn erdal erreferentziak eta marko espainiarra sustatzen dira etengabe, eta euskaldunak erdarazko katera bideratzen gaituzte. Argi eta garbi esan dezakegu ordezkapen linguistikoan eta asimilazio kulturalean laguntzen duen tresna bilakatu dela EITB».

Proposamen batzuk egin ditu Aldatu Gidoia taldeak. «Beharrezkoa da EITBren Sorrera Legea [1982koa da] erreformatu eta demokratizazio prozesu sakon eta zintzo bat bururaino eramatea». Herritar mugimenduak uste du soilik horrela aldatu ahalko duela EITBk norabidea: «Orduan beteko baitu zerbitzu publiko gisa duen egitekoa, eta orduan soilik egingo baitu euskarak jauzia EITBn». Aldatu Gidoiaren iritziz, prozesu hori gauzatu ezean beste logika eta helburu batzuei erantzungo die talde publikoak, sorrera helburuei erantzun beharrean.

Israeli tokia egin izana salatu dute

Maiatzaren 3tik 7ra egin zuten Input konferentzia, Bilbon. Munduko herrialde ugarik parte hartu zuten: bakoitzak bere saioak Euskalduna jauregian proiektatu zituen. Aldatu Gidoiak EITBko arduradunei eskatu die arreta jartzeko Flandriako, Suitzako, Kanadako edo Finlandiako irrati-telebista publikoei. «Hizkuntza aniztasunari eta berezko hizkuntzen tratamenduari dagokionez, badute non begiratua eta zer ikasia».

Unai Iparragirre ETBko zuzendaria Input konferentzian
Unai Iparragirre ETBko zuzendaria Input konferentzian hizketan, Bilbon, maiatzaren 6an. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Beste alde batetik, Aldatu Gidoiari ez zaio onargarria iruditzen Input konferentzian Israelgo telebistari lekua egin izana. Aldatu Gidoiak Input erakundeko zuzendaritza batzordeari eskatu dio Israel datozen Input konferentzietatik kanpo uzteko. «Hori egin ezean genozidioaren zuriketan parte hartuko baitute». Aldatu Gidoia taldeari iruditzen zaio Input erakundearen oinarrian dauden zerbitzu publikoaren printzipioak eta balio demokratikoak ez direla bateragarriak Israelek konferentzian duen parte hartzearekin.

Pantailaldia bihar amaituko da

Beste alde batetik, Pantailaldia ariketa bihar, asteazkena, amaituko da. Aldatu Gidoia mugimenduak txalotu egin du Pantailak Euskaraz taldea Pantailaldiaren bidez egiten ari den lana eta ahalegina. «Aprobetxatu nahi dugu txalotzeko Pantailak Euskaraz-en ekimena, hau da, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta erakundeak mugiarazteko helburu duen ariketa kolektiboa». Bide horretan jarraitzeko deia egin dute. «Aldatu Gidoiaren ustez, herritarren aktibazioaren bidez soilik lortuko dugu egoera aldatzea eta erakundeak mugiaraztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.