Zer aurkeztu du eta zer mezu eman du Euskal Telebistak munduaren aurrean? Jakin-mina izango du batek baino gehiagok. Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendaria gaur mintzatu dira Bilboko Euskalduna jauregian, Input nazioarteko konferentzian, hainbat herrialdetako kate publikoen ordezkarien aurrean. Iparragirrek lau estrategia eremu nabarmendu ditu: «Euskal frame-a [euskal identitatea], kultura, euskara eta zerbitzu publikoa».
EITB 2030 estrategian lau arlo horiek aintzat hartuko dituztela azaldu du Iparragirrek. Horrekin batera, EITB taldean egin dituzten hainbat saio aurkeztu ditu, eta haien bideoak jarri. Aurreneko hirurak, gaztelaniazkoak: La calle sin gobierno, Generación Porno eta Necesito ayuda. Ondotik iritsi dira euskarazko beste hiru: Primeran plataformako Ardi beltzak —Xabin Fernandezek gidatzen du—, ETB1eko SOS Kantuak Arriskuan (Kanalduderen Kantuen kontrabandista formatuan dago oinarrituta, nahiz eta Iparragirrek ez duen hori aipatu), Ur handitan saioa (sexu abusuen gaineko erreportajearen trailerra jarri dute). ETBk euskal kirolei ematen dien garrantzia nabarmendu du Iparragirrek: zesta-puntaren aldeko apustuaren berri eman du, baita Jai Alai: azken hegaldia dokumentalaren zati bat jarri ere. Gaztelaniazko beste saio bat ere erakutsi du: Historias del orgullo, Xabier Madariagak aurkeztua. Halaber, nerabeei zuzendutako Irabazi arte telesailaz hitz egin du; aurkeztu dituen datuen arabera, telesail horrek %35,6ko ikusle kuota du 4-12 urte bitarteko neska-mutikoen artean Euskal Autonomia Erkidegoan; eta %23,1ekoa, 13-24 urte bitarteko gazteen artean.
Iparragirrek, hitzaldiaren amaieran, Donald Trumpek hartutako erabakia aipatu du, AEBetako NPR irrati publikoari eta PBS telebista publikoari bideratutako finantza federala eteteko sinatu duen agindua, alegia. «Bat eginda aritzea dagokigu hedabide publikoetan ari garenoi», gaineratu du.
Primeran-eko hiru saio
Garciak, beste areto batean, EITBren Primeran plataformako hiru emanaldiren berri eman du: En Tol Sarmiento taldeak Barakaldon (Bizkaia) eman zuen kontzertuaren zuzeneko emankizuna; Krimenak. Gure kronika beltza euskarazko lehen true crime-ko dokumental saioa, eta Itsatsita fikzio musikala. Garciak azaldu duenez, ETB2 kateko ETSren emankizunarekin bat egin zuten uneren batean 336.000 ikus-entzulek, eta streaming plataformetan 12.000 ikusle baino gehiago izan zituen. «Errealizazioan kontzertuko ikusleengan arreta jarri izanak harritu egin ditu Inputeko parte hartzaile batzuk», azaldu du Garciak. ETBko ordezkariak iragarri duenez, Krimenak. Gure kronika beltza saioak bigarren denboraldia izango du, eta Itsatsita fikzioaren hirugarren denboraldia egiteko enkargua ere egin dute.

Aldekoa, euskaraz eta ingelesez
Ingelesez mintzatu dira Iparragirre eta Garcia. Hizkuntza horretan izaten ari dira Euskalduna jauregiko jardunaldietako saio guztiak. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia, berriz, ingelesez eta euskaraz mintzatu zen atzo iluntzean Guggenheim museoan, Input Midweek Party jaian. «Zerbitzu publikoa inoiz baino garrantzitsuagoa da. Urrutira joan gabe, orain egun gutxi izandako itzalaldi orokorrak argi erakutsi du komunikabide publikoen balioa eta gizarteak emandako erantzun zabala». EITBko zuzendari nagusiaren iritziz, funtsezkoa da zerbitzu publikoa. «Eta inoiz baino gehiago, gaur egungo polarizazioari eta balioen galerari aurre egiteko. Zerbitzu publikoko taldeok elkarrekin lan egin behar dugu, demokrazia eta gure informazioaren egiazkotasuna berreskuratzeko». EITB da aurten Input konferentziaren antolatzaile nagusia.