Komunikazioa

Alternatiba: «Deitoragarria da legebiltzarrak zentsura aldarri egitea»

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek PSEren eta PPren jokaera salatu du, UPDren laguntzarekin batera, «Eusko Legebiltzarra EITBk euskal herritarrei eskaini behar dien izaera informatiboa zentsuratu eta perbertitzeko erabili dutelako». Matutek gogorarazi duenez, hiru hilabete besterik ez dira pasa, Gasteizko legebiltzarrak EITBri aho batez eskatu zionetik «egiazaletasuna, iritzi aniztasuna eta interes informatiboa berma dezala».

Astelehenean, aldiz, legez kanpo dauden ordezkariak EITBko programetara ez eramateko onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, PP eta PSEren botoekin. «Deitoragarria da bere burua demokratatzat duen parlamentuak zentsura informatiboaren aldarri egitea», adierazi du Matutek. Bide batez, bere elkartasuna adierazi die komunikabide publikoan ari diren profesionalei, «euskal gizartearekin batera, ETBko askatasun informatibo ezaren biktima direlako».

Patxi Lopezen gobernuari «euskal gizarteak EITBren erabilera alderdikoiari bizkarra eman» diola azaldu du Alternatibako kideak. PSE-PP itunak EITBren gidaritzapean emandako «lorpen zalantzagarrietako» batzuk azpimarratu ditu Matutek: «Albistegietako langileak presionatu eta espedienteekin mehatxatu dituzte, eta ituneko politikariek elkarrizketak aldez aurretik gainbegiratzea ahalbideratu dute, kontrol batzordean jakinarazi zenez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.