Alardea eta Hondar ahoak telesailak eman ostean, ETB1ek bere telesail berria emango du datozen lau asteazkenetan: Altsasu. Kuadrilla eta interes desberdineko zortzi gazte, harreman sendorik ez zuen gazte talde bat, prozesu judizial batek kateatuko du. Auziaren jatorria zerbitzuz kanpo zeuden Guardia Zibileko bi kiderekin taberna batean gauez izandako liskarra da; haren ondorioz, talde antolatu izatea leporatu zieten zortzi gazteei. Benetako gertaera horiek dira telesailaren oinarria. Dokumentazio ofizialean deskribatzen diren gertakariak eta une bakoitzeko kronikak dira kontakizunaren bizkarrezurra.
Asier Urbietak zuzendu du telesaila. Harkaitz Canok, Mikel Alvarezek eta Andoni De Carlosek osatu dute gidoilari taldea. Aktoreak, berriz, hauek dira: Jon Olivares, Erik Probanza, Nikola Zalduegi, Aia Kruse, Asier Oruesagasti, Julen Jimenez, Xabier Elizalde eta Ander Azurmendi. Horiek dira protagonista gazteak, eta zortzi auzipetuen rola beteko dute. Guardia zibilak, berriz, Cristian Merchan eta Jorge Monje dira; Yasmina Drissik guardia zibilaren neska lagunarena egingo du. Aktore taldea osatzeko, berriz, Jose Ramon Soroiz,Miren Gojenola, Jose Ramon Argoitia eta Itziar Atienza arituko dira.
'Altsasu' telesaila, datozen lau asteazkenetan ETB1en
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu