Datorren urtetik aurrera Prime Videoko edukiek iragarkiak izango dituztela jakinarazi du Amazonek. Publizitaterik ikusi nahi ez duten erabiltzaileek 2,99 dolar (2,79 euro) gehiago ordaindu beharko dituzte hilean; gainerako harpidetzen prezioak ez dira aldatuko. Eskaintza horiek, ordea, AEBetako ikusleek izango dituzte soilik, oraindik ez baitute iragarri gainerako herrialdeetan zenbat ordaindu beharko den publizitaterik ez ikusteko. Hala ere, eta Amazonek iragarri duenez, publizitate gutxi jarriko dute: «Gure helburua da telebistak eta beste streaming plataforma batzuek baino askoz iragarki gutxiago txertatzea».
Azaldu dutenez, gainera, Prime Video da eskaintzen dituzten zerbitzu guztien artean onenetakoa, eta aurrerantzean ere horretan inbertitu nahi dutelako jarriko dituzte iragarkiak, hain zuzen ere. Netflix eta Disney Plus plataformen ereduak oinarri hartuta erabaki du plataformak bere programetan iragarkiak sartzea. Izan ere, Netflixek eta Disney Plusek duela urtebete txertatu zituzten iragarkiak beren edukietan. Urtarriletik aurrera, Amazonek ere publizitatearen bidez eskuratuko ditu diru sarrera gehienak.
Neurria AEBetan, Erresuma Batuan, Alemanian eta Kanadan ezarriko dute lehenengo; Frantzian, Espainian eta Mexikon ondoren; eta Australian azkenik. Herrialde horretako harpidedunek, zehazki, urtebete barru nabarituko dute aldaketa.
Oraindik ez dute zehaztu publizitatea zelan emango duten. Saioren bat hasi aurretik sar daiteke (pre-roll), edukia ikusi bitartean (mid-roll), edo bietan.
Harpidetzak, gora
Streaming plataformek iragarkiak txertatuko dituztela jakiteak mesfidantza sortzen dio askori. Netflixen kasuan, ordea, kontrakoa gertatu da. Plataforma horrek berak eman dituen datuen arabera, mundu osoko hamabost milioi harpidedun erakarri ditu publizitatea jarri zuenetik. Are gehiago, iragarkiak dituen plana hautatzeko aukera izan duten erabiltzaileen artean, %30ek egin dute horren alde.
Plataforman publizitatea gehitzeak arrakasta izan duela ikusita, iragarkiek eskaintzen dituzten funtzio berriak garatzeko aprobetxatu du Netflixek. Datorren urtean, esaterako, Binge Ad izeneko eskaintza egingo die ikus-entzuleei. Telesail maratoiak egitea gustatzen zaien ikusleentzako saria izango da, nolabait: telesail bereko hiru atal segidan ikusi ondoren, laugarrena iragarkirik gabe ikusteko aukera izango dute harpidedun guztiek.
Horrez gain, datorren urtearen hasieran AEBetako iragarleek QR kodeak erantsi ahalko dituzte beren publizitate piezetan. Plataformako arduradunek adierazi dute iragarleei beste hobekuntza batzuk ere eskainiko dizkietela laster, nazioarteko hornitzaileekin harremanak garatzeko aukera izan dezaten eta publizitatearekin lotura duten aurrerapausoak erabilgarriak izan daitezen.
Disney Plusek %37 igo zuen iragarkirik gabeko planaren hileko prezioa iaz, AEBetan. Hilaren hasieran aldatu zituzten plataformaren kontsumo planak Euskal Herrian, eta, egun, hiruren artean aukeratu dezakete erabiltzaileek: premiuma, estandarra eta estandarra iragarkiekin. Sei euroren aldea dago lehenengoaren eta hirugarrenaren artean.
Prezioaren gorakada nabaria den arren, aurreko hiruhilekoan mundu osoan harpidetu ziren zazpi milioi erabiltzaileetatik bik hautatu zuten iragarkirik gabeko harpidetza. Plataformako finantzaketa arduradunek azaldu dutenez, publizitatea ezinbestekoa da enpresaren inbertsioetarako, eta, gainera, iragarleentzako erakargarria bihurtu da, erabiltzaileen segmentazioari esker. Statista enpresaren datuen arabera, Disney Plusek 150 milioi harpidetza baino gehiago ditu orain.
Bestalde, berrehun milioi pertsona dira egun Amazon Primeko harpidedun, 191 herrialdetakoak. Ikusi beharra dago iragarkiak txertatuz harpidedun gehiago lortuko dituen, edo, kontrara, bezeroak uxatuko dituen.
Amazon Prime Videok iragarkiak izango ditu 2024tik aurrera
Iragarkirik ikusi nahi ez dutenek 2,79 euro gehiago ordaindu beharko dituzte AEBetan. Gainerako planak ez dituzte zehaztu oraindik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak