«2+2=5», botereak ezarritako gezurraren sinbolorik indartsuena dela azpimarratzen da Orwell: 2+2=5 filmaren hasieran; absurdoa eta zentzugabea den zerbait sinestera behartzen gaituzten politikari, enpresaburu eta agintarien menpe bizi garela gogorarazten digu.
Gai mardul horri forma emateko, Raoul Peck zinemagile ezagunak egitura ausarta eta aldi berean zinez arriskutsua hautatu du. Elkarrizketarik ez du erabiltzen, ez behintzat lan honetarako espresuki grabatutako adierazpenik; horren ordez, Orwellen testuetara jotzen du kontakizuna eraikitzeko. Erabaki indartsu eta irmoa da Orwellen ahotsa pertsonaia nagusi gisa errespetatzea. Damien Lewis aktoreari egokitu zaio ahots hori jartzea; haren ahots sarkor eta indartsua da narrazioaren gidaria, azalpen guztiak irmoki josten dituen haria.
Muntaketa lana eta bildutako materiala itzelak dira: testuak, gutunak, Orwellen beraren saiakerak, gaiarekin lotura duten filmetako pasarteak, artxiboko irudiak, albisteetako bideoak eta abar. Elementu horien guztien bidez azaltzen du hizkuntzaren manipulazioa, propaganda eta errealitatearen ukazioa bezalako kontzeptuak jada ez direla fikzio distopikoak, gaur egungo fenomenoak baizik. Kapitalismo basatia, hizkuntzaren manipulazioa, pentsamenduaren kontrola, albiste faltsuak, askatasunetan murrizketak ustezko segurtasuna justifikatzeko, polizia basakeria, autoritarismoa eta propaganda… gai sakon horiek dantzan jarri ditu, ikusleari munduaren egitura bidegabea eta mingarria erakutsiz.
Bikainki lotzen ditu iragana eta oraina, fikzioa eta errealitatea, literatura eta politika. Jaurtitzen dituen aldarri eta kritikak zuzenak, gordinak eta zorrotzak dira, baina ikusleari modu nahasi samarrean heltzen zaizkio. Hainbeste gai eta adibide biltzen direnez, zenbaitetan guztia gehiegi lausotzen da.
Dokumentalak, batez ere, ohartarazpen boteretsu eta mingarri gisa funtzionatzen du. Ustezko fikzio distopiko ugari dagoeneko zabalduta dauden garaian bizi garela gogorarazten digu.
Ez da perfektua —saturazio uneak dituelako eta gai gehiegi jorratzen dituelako—, baina, hala ere, pertsona orok ikusi beharko lukeen ezinbesteko dokumentala da, hausnarketa sakonak eragiten dituena eta gure garaiko errealitatearen ispilu gordina erakusten diguna.
Filminen ikusgai.