gaizka izagirre
'Pantailen artetik'

28 urte geroago

2026ko apirilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da ohikoa film bat (28 Years Later) zinema aretoetara iritsi eta, urtebete igaro baino lehen, haren jarraipena (The Bone Temple) estreinatu izana —urtarrilean heldu zen zinema aretoetara eta jada Prime Video eta Movistar Plusen dago ikusgai—. Are ezohikoagoa da, bigarren atalak oraindik debuta egina ez zuenean Sonyk hirugarren filmari jada argi berdea eman izana. Zinemaren historian badaude antzeko kasuak (Matrix, The Lord of the Rings, Avatar...), baina nekez aurkitzen da halako estrategia genero honetako saga batean, eta are gutxiago ezaugarri hauek dituen proiektu batean.

Testuinguru horretan, streaming plataformetara iritsi berri den 28 Years Later: The Bone Temple aipatu nahi nuke; euskarazko azpidatziekin ikus daiteke. Zonbien generoan mugarri izan den sagaren jarraipena ez da erosoa; frankiziak berak hamarkadetan eraiki dituen espektatibekiko nahita deseraikia dirudien lana da. Izaera propioa duen pieza harrigarria.

Filmean, Kelson doktorea (Ralph Fiennes) mundua alda dezakeen harreman harrigarri batean murgiltzen da; aldi berean, Spikek (Alfie Williams) Jimmy Crystalekin (Jack O’Connell) izan duen topaketa amesgaizto bihurtuko da. The Bone Temple-ren munduan, kutsatuak jada ez dira mehatxurik handiena, bizirik atera direnen gizagabetasuna are beldurgarriagoa da. Tentsioa eta basakeria gizakien arteko indarkeriatik sortzen da, ez zonbietatik.

Aktore guztien lana bikaina da, bereziki Fiennesena. Narrazioaren erdiguneak haren pertsonaiaren inguruan orbitatzen du, grabitate propioz. Fiennesek eszena gogoangarriak oparitzen ditu, baina bereziki nabarmentzekoa da Iron Maiden taldearen The Number of the Beast-en doinupean gertatzen den unea.

Sagaren aurreko filmak larrialdian oinarritzen ziren, eta film honek, berriz, ia sedimentatua dirudien izaera bat du oinarri. Izua ez da jazarpenetik sortzen, aurreko munduaren hondarren gainean bizitzetik baizik. Hortik gogoeta abstraktuagoa eta, tarteka, deserosoagoa eraikitzen du.

Eszenaratzea ere norabide berean doa; zehatzagoa eta kontenplatiboagoa da, kamera dardartia eta muntaketa oldarkorra baztertuz, mundu post-apokaliptikoaren behaketa ia errituala du.

Ez da sagako emanaldirik eskuragarriena, baina bai ausartena. Nia DaCostak atalik eroena, intimoena eta esperimentalena sinatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA