Teknologia berriak aspalditik gure egunerokoan sartu dira. Sakelako telefonoa egunero erabiltzen dugu. Duela urte batzuk teknologia berria izan zena jada teknologia arrunta egin da. Gure errutinaren parte egin den teknologia horrek gure egin beharrekotan laguntza handia ematen digu, eta batzuetan buruko min dezente ematen dizkigu.
Aurrerapen berriak egunero ateratzen dira, eta azken hilabeteetan adimen artifizialaren bitartez egindako tresna berriak agertzen ari dira, besteak beste. Adimen artifiziala txat bat baino gehiagorako erabili daiteke, eta horren adibide Erremontari saioko txapelketan ikusi dugun aurkezlea dugu. Aurkezle hori abatar bat da, eta berritasun horren berri eman zenean, ohiko aurkezleekin zer gertatuko zen galdetu nuen. Hemendik aurrera aurkezleek beren lana galduko dute? Hori izan zen nire lehen galdera. Horren erantzuna lortzeko lehiaketaren lehen partida ikusten jarri nintzen.
Adimen artifizialaren bitartez sortutako aurkezle horrek lehiaketaren berritasunak azaldu ditu. Baina hortik aurrera, Elena Azpeitia, Matxin, Iñigo Aiestaran eta Gazteluren ahotsak entzun dira emanaldi guztian. Lehiaketa horrek berezitasun bat du: jokalariek kamera bat dute kaskoetan eta beren bizipenak gertuagotik jarraitzeko aukera ematen du. Ez da lehen aldia hori egiten dutena, baina niretzat lehen aldia izan da horrelakorik ikusten nuela. 1 Formulako lasterketetan horrelakoak ikustera ohitua nago, eta asko gustatu zitzaidan erremontean horrelako aukera izatea.
Emanaldi bikain hori frontoiarentzat kaltegarria izan daiteke. Izan ere, harmailak nahiko hutsik agertzen ziren emanaldian. Arrazoi asko egon daitezke harmailen egoera horretarako: astelehena zen, telebistan oso ondo ikusten eta entzuten da partida, eta abar. Teknologia berriak tradizioz beteriko kirol batean erabiltzea kirol horren etorkizuna bermatzeko baliogarria izan daiteke, zalantzarik gabe. Hori bai, oraindik ikusteko dago abatar aurkezle horrek zer gehiago egin dezakeen horrelako emankizunetan. Hurrengo emanaldietan abatar horrek datu gehiago emango dituen ala ez ikusteke dago. Bitartean, bideoak irratiarekin amaitu ez zuen bezala, adimen artifizialak, momentuz, ez ditu aurkezleak langabezian utziko .

EKOGRAFIAK
Abatarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak