gaizka izagirre
'Ekografiak'

Abiapuntuaren festa

2025eko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ziur nago denok ezagutzen duzuela urtero ospatzen den Zinemaren Festa. Egun horietan, zinemako sarrerak prezio murriztuan eskaintzen dira. Aurtengoan Hego Euskal Herriko 22 zinema aretok egin dute bat ekainaren 2tik 5era ospatzen ari den ekimenean etaikus-entzuleek 3,5 euro soilik ordainduz gozatu dezakete estreinaldiez.

Ekimen hori 2009an jarri zen martxan, krisi ekonomikoaren testuinguruan. Frantzian arrakastaz martxan zegoen antzeko proiektu batean inspiratuta sortu zuten. Ideia sinplea zen: hainbat egunetan, zinemako sarrerak oso prezio baxuan eskaini, ikusle gehiago erakartzeko.

Hasiera-hasieratik, arrakasta itzela izan du. Aretoak betetzen hasi ziren berriro, eta jende askok zinemara itzultzeko aitzakia ezin hobea aurkitu zuen. Denborarekin, festa hori egokitzen joan da: Internet bidezko salmenta erraztu da eta areto gehiagok parte hartzen dute.

Maite dut aretoetara bakarrik joatea —gehienetan hala egiten dut—, baina zinema esperientzia kolektiboa ere bada. Gaur egun, norbere etxetik eduki asko kontsumitu daitekeen arren, pantaila handiaren magia eta elkarrekin pelikula bat ikustearen sentsazioa ezin dira ordezkatu. Festa honek, neurri batean, esperientzia horren balioa berreskuratzen du.

2025eko edizioan, berriz ere ikusle andana espero da aretoetan. Aukera polita da Faisaien Irla edota Erreplika euskal ekoizpenak (ber)ikusteko adibidez edota Wes Andersonen film berriaz gozatzeko. Aukera paregabea da gure herriko zinemagintzari bultzada eman eta ikus-entzunezko kulturari balioa emateko, baina ea urtean zehar ere bultzada horrekin jarraitzen dugun eta gehiagotan joaten garen zinemara.

Zer erantzungo didazuen badakit: «oso garestia da»; ez dut hori ukatuko. Hala ere, norberak erabaki ditzala bere lehentasunak; zenbait kontzertuetarako edota beste kultur ekitaldietarako prezio askoz altuagoak ordaintzeko prest agertzen gara maiz, eta zinemaren sarreren prezioei egiten zaizkien kritikak ez dira beste esparru batzuetan entzuten. Baina tira, esandakoa, norberak erabaki dezala, nire asmoa ez da aholkuak ematea eta gutxiago liskarrak sortzea.

Zinemaren Festa, hortaz, oso ondo dago, baina ez dadila izan salbuespen bat; izan dadila abiapuntu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.