Historiaren zirrikitu batzuetan, gertakari harrigarriek beste diskurtso baliagarriago batzuk itzaletik ateratzeko abagunea eman izan dute. Absurdoak orduan bere logika topatzen du: ziurtasuna eskaintzen ez den lekuetan, hutsuneak bete egiten dira. Netflixeko Project UFO telesailak, 1980ko hamarkadako Polonian girotua, Truskasy herrian ustez gertatutako lurreratze estralurtar bat hartzen du abiapuntu, tartean beste fenomeno ez hain estralurtar batzuei buruz hitz egiteko: handinahia orbitatzen duten diskurtsoak, sineskortasuna erregai sozial gisa, eta protagonismoaren premia eszeptizismoak kolapsatutako paisaia batean.
Giro gris horretan, bizitza estralurtar posible baten aukera ez da mehatxu gisa agertzen, aitzakia bezala baizik. Telesailak oso ongi egiten du ustezko lurreratze hori ez erakusten, eta ez da mitologia zientifiko bat eraikitzen tematzen; aitzitik, fenomenoa metafora gisa erabiltzen da paraleloan jarduten duten motibazio pribatuen sarea erakusteko.
Kontakizuna bi frontetako gatazka nagusi batean oinarritzen da. Batetik, Zbigniew Sokolik izeneko gaztea, fenomeno estralurtarren ikerlari autodidakta, ur azpiko identifikatu gabeko objektuen inguruko teoriarekin dabil borrokan. Bestetik, Jan Polgar zientziari buruzko saio bateko aurkezlea da, gain behera doa, eta salbazio mediatikoa topatuko du Sokoliken ikerketetan. Bataren interes zientifikoak talka egingo du bestearen interes kapitalistekin. Haien inguruan, ordea, beste interes batzuk dituzten hainbat pertsonaia topatuko ditugu: Julia Borewicz polizia ia itsuak lanean mailaz igotzeko baliatuko du begiztatze estralurtar horri buruzko ikerketa; eta telebistako beste aurkezle ospetsu batek, Wera Wieruszek, abagunea topatzen du bere ikuspegi publikoa indartzeko.
Netflixeko saltsa amaigabean ekoizpen poloniar bat topatu, entretenigarria dela iritzi eta inteligentziaz beterikoa dela ikustea aire freskoa izan da. Zalaparta handirik erakusten ez duen arren, fronte ezberdinen artean dagoen tentsioa ederki garraiatzen du lau ataletan zehar. Nabari da aise erakusten dituela telesailak grisaren eskala ezberdinak, Poloniako paisaia grisetan edertasuna erakusten duen bezala. Tramaren bitxikeriak arrarotasun sentsazio etengabe batez tindatzen du lan gomendagarri hau.