Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Aditu dut

2026ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nola ez nuke entzungo UEUk argitaratu berri duen Aditu duzu? podcasta? Aste honetan izan dut haren berri, eta iruditzen zait udako ikastaroen atarian beroketa eskaintzen digula UEUko kideei eta Udako Euskal Unibertsitatera joaten diren guztiei.

Hemendik aurrera izango diren berritasunak azalduko dizkigutela iragartzen dute, eta, dagoeneko lehenengo atalean, Artizarra egitasmoaz mintzo dira, hau da, jakintzak eta esperientziak partekatzeko sare sozial «tekniko-zientifiko-profesionalaz», non ikertzaile, aritu eta aditu euskaldunok topo egiteko eta harremana izateko aukera dugun, eta elkarlanean gizarteari interesatzen zaizkion ikerketak bideratzeko ere bai… Artizarran, besteak beste, ikertzaile gazteak daude eta horiek ezagutu ditugu Iker(l)hari izeneko podcastean, zeinaren hirugarren denboraldia eskaini duten 2025-2026ko ikasturtean.

Saio ezberdinak dira guztiz; oraingo honetan, Idoia Torregarairen gidaritzapean, komunikazio taldeak modu arin eta erakargarriagoaz erakutsi nahi digu zer den UEU, EHUk antolatzen dituen Udako Ikastaroekin (UIK) nahasten omen dutena batzuek. Dagoeneko ile urdindua dugunok ondo bereizten ditugu, eta gaur bietan ari bagara ere, hartan izan genuen lehenengo liburu, artikulu eta ikasmaterialak euskaraz egiteko aukera. Irratiak ere leku handia izan du beti, eta nik ez dut ahazten Larraonan antolatzen genuen irrati tailerra, Euskalerria Irratiko atikora ere eraman gintuena.

Iruñetik oso urruti ez zebilen Tania Arriaga irakasle, lagun eta EHUpodcast-en gidaria, non EAEko hiru campusetan garatzen diren ikerketa interesgarriak ezagutzera ematen dituen ikerlariekin solasean. Hilean behin elkarrizketa bat argitaratzen du; gaztelaniaz batzuetan, euskaraz beste batzuetan, eta dagoeneko zortzi atal daude eskuragarri unibertsitateko webgunean.

NUPen, bat argitaratu beharrean, bi podcast argitaratzen dituzte, bat gaztelaniaz eta beste bat euskaraz, Zientzia puntupuntuan. 2021ean hasita, apirilean 48. atalera heldu dira dagoeneko. Hilean behin, hamabost minutu irauten duen atal berri bat ematen dute. Elkarrizketa batean oinarrituriko erreportaje formatua du, oso era erakargarrian eta beti ezberdin hasita.

Lau saio, lau estilo; helburu bera: zientzia, unibertsitatean sorturiko jakintza ezagutzera ematea. Lortzen duten ala ez, ez dakit erantzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA