Sara Azurza
'Ekografiak'

'O Agente Secreto'

2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten, zinema brasildarra hautsak harrotzera etorri da proposamen interesgarri batekin. Oscar sarietan lau izendapen lortuta, Nazioarteko Film Onenaren saria eskuratzeko faboritoetako bat izan da.

O Agente Secreto-k Brasilgo azken diktadura militarraren garaian (1964–1985) girotutako istorio bat kontatzen du. Kleber Mendonça Filho-k zuzenduta, erregimen horren aurka zeudenen aurkako abusua, jazarpena, menpekotasuna eta bidegabekeria lantzen ditu. Filmak tentsio politikoa eta giro itogarria uztartzen ditu, eta, aldi berean, askatasunaren eta duintasunaren aldeko borroka pertsonala erakusten du.

Wagner Mourak antzezten duen protagonista, Marcelo, sare sekretu batean murgiltzen da; han, informazioa, traizioa eta leialtasuna etengabe gurutzatzen dira. Bere bizitza arriskuan jarriz, erregimenak inposatutako egoerei aurre egiten saiatzen da, baina bidean errepresioa, jazarpena eta indarkeria ezagutuko ditu.

Marcelo heroi atipikoa da; ez da agente sekretu bat, baizik eta kaleko pertsona arrunt bat, erregimenaren baitan bere bizitza aurrera eramateko zailtasunak dituena. Pertsonaia iheskorra da; besteak beste, filmaren bi ordu eta berrogei minutuko zati handi batean ez baitakigu zer egin duen bere bizitza arriskuan egoteko, ezta zergatik bilatu behar duen babesa bere jatorrizko hirian ere.

Ziurgabetasun horrek ikuslea ere egoera berean kokatzen du, informazio falta hori tentsioaren parte bihurtuz. Ez da hasieratik erraz ikusten den filma: pixkanaka Marceloren bizitza ezagutarazten dizu, flashbacken bitartez, baina gidoiak ez du dena mastekatuta ematen.

Aipatzekoa da filmaren estetika zaindua: espazioek, jantziek, pertsonaien karakterizazioek eta koloreek Brasilgo zirrikituetara eramaten zaituzte.

Baina ez dizut gezurrik esango: amaieran zapore gazi-gozoa utzi zidan. Pertsonaia interesgarri asko ageri dira filmean zehar, baina agian ez dute denek behar adinako garapena, eta amaiera ere apal samarra iruditu zitzaidan, bestelako itxiera bat espero bainuen.

Hala ere, merezi duen proposamena da: ikusleari konfiantza eskatzen dion filma da, baina ordainetan esperientzia atmosferiko eta hausnartzaile bat eskaintzen duena. Zinema aretoan ikustera gonbidatzen zaitut, Brasilgo iragan hurbilera bidaia egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA