Udaren hasierarekin irrati-programazioak, neguko arropa kendu eta bainujantzia, txankletak eta eguzki-krema jarrita, kalera atera ohi dira. Edukiak arintzen dira, eta, jardun instituzionala jaisten den neurrian, gai sozialagoek eta udako sugeek betetzen dituzte tertulia politikoak. Txupinazoaren zuzeneko emanaldi bateratuak zabaltzen du jaien kronika, eta hondartzetako banderak, mareak eta uraren tenperaturak sartzen dira zerbitzu-informazioaren atalean. Entzuleen kopuruak jaisten dira eta, ondorioz, ontziraturiko saioek eta musika-zerrendek osatzen dituzte programazioak, bereziki esatari boluntarioz beteriko hirugarren sektorerako irratietan.
Hurrengo asteotan udako programazioek ekarriko digutenaz hitz egitea espero dut, baina gaur, aldiz, agur esan duten bi aipatu nahi ditut. Gradua amaitu eta gero, Konteixu egiten zuten ikasleek podcastaren amaiera iragarri zuten ekainaren 14an egin zuten saio berezian. Hiru urtez, eta Erasmus egonaldiak tartean, irrati-estudio bihurtu dute EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko Audiolab, eta ziur nago asko ikasi dutela gozatu duten bitartean. Azken atalean gogoratu zituzten ikasketa-ibilbide horren une batzuk. Ondo joan dakien espero dut.
San Joan bezperan agurtu zuen Gazteako Dida saioak denboraldia, eta azken saio horrekin batera agur esan zuen Antton Telleriak, 11 urtez, besteak beste, desnotiziak eman eta gero. Hau ikasle izan nuen; bikaina dudarik gabe, azken saio horretan beste irakasle batek kontrako inpresioa zuela agerian utzi arren, askoz hobeto burutu ahal izan zuen GRALaren erruz, ziur. Bere alde esan behar dut orduan dagoeneko mikroek maite zutela eta azken tutoretza Miramongo irrati-estudioan egin genuela. Berari ere onena opa diot.
Neguko denboraldia agurtu eta udako ordutegiari egokitu aurretik, Amarauna-k Istorio Laburren I. Lehiaketaren irabazlea nor den azalduko digu ekainaren 28an. Dagoeneko Guau plataforman entzungai daude hamabi kontakizun finalistak, Euskadi Irratiko esatarien ahotsetan azalduta. 100 hitz baino gutxiagoko istorioak dira, eta mimo handiz irakurrita daude. Egia esan, aditu eta gero zaila egiten zait nork irabaziko zuen asmatzea.