Missing You, Stay Close, The Stranger, El inocente, Safe eta abar. Azken bost urteotan estreinatu diren telesailak izateaz gain, badute ezaugarri komun bat: Harlan Coben idazlearen eleberrien moldaketak dira. Ez hori bakarrik, guztiek patroi berari jarraitzen diote.
Eta zertan dira (ia) berdinak telesail horiek? Harlan Cobenen telebistarako moldaketek ikuslea katigatzen dute lehen minutuetatik, misterioa eta ustekabeko gidoi biraketak izaten dituzte eta publiko zabalaren artean oso ongi funtzionatzen dute; ni, zoritxarrez, ez nago, inondik inora ere, jarraitzaile talde horren barruan.
Izan ere, proposamen gehienetan hasierako lilura azkar lausotzen da begirada zorrotzago batekin aztertzen direnean. Telesail guztiek antzeko egitura errepikatzen dute: iraganeko sekretu bat, orainaldia suntsitzeko mehatxua egiten duena; erritmo frenetikoa, gidoiaren hutsuneak estaltzeko baliatzen dena; eta pertsonaiak, beren motibazioak istorioaren beharretara moldatzen dituztenak, koherentziari uko eginez.
Arazo nagusia, beraz, ez da soilik formula errepikakorra izatea, baizik eta tranpa narratiboaren sentsazio etengabea. Cliffhanger-ak artifizialak dira, kointzidentziak ezin sinistuzkoak, eta amaierek, itxuraz zirraragarriak izan arren, ez dute inolako logikarik. Istorio gogoangarriak eraiki beharrean, telesail horiek azaleko entretenimendua eskaintzen dute, eta, ikusi bezain laster, ahanzturaren tiraderan desagertzen dira.
2025eko Urtezaharreko ajetik errekuperatzen eta begi-zuloak garbitzen ari ginen unean iritsi da Netflix plataformara Cobenen moldaketa berri bat: Run Away. Aurreko lanak baino apur bat txukunagoa bada ere, funtsean antzeko gabeziak ditu.
James Nesbitt aktoreak gorpuzten du Simon protagonista. Haren alaba zaharrenak, Paigek, etxetik ihes egiten duenean, familiaren oreka hautsi eta ordura arte sendo zirudien mundua desegin egingo da. Alaba aurkitzeko obsesioak Simon azpimundu arriskutsu batean murgilduko du, eta bide horretan familiak gordetzen zituen sekretu ilunenak azaleratzen hasiko dira.
Azkar kontsumitzeko diseinatutako telesaila da: epe laburrean eraginkorra, baina erraz ahazteko modukoa, Harlan Cobenen moldaketa gehienak bezalaxe.
Â