Sarritan, istorio harrigarriak oinarri dituzten dokumentalek edukiari uzten diote gidaritza osoa, eta, bidean, forma eta kontatzeko modua bazterrean geratzen dira. Ez da Oier Plaza Gartziaren Popel/ Errautsak lanaren kasua; istorioa sinestezina da, baina guztia azaltzeko aukeratu duen bilgarria eraginkorra eta oso sendoa da. Primeran plataforman daukazue ikusgai.
Bigarren Mundu Gerran girotutako suspensezko thriller baten elementuak dituen lanak hainbat geruza daramatza barruan, eta geruza horietan pertsonak agertzen dira lehen lerroan. Horien artean dago Unai Egia irakaslea, Javier Cercasen El impostor liburua irakurri zuena oporraldi batean. Liburu horretan azaltzen da nola Enric Marcok Enric Monerren izena erabili zuen bere gezurrari eusteko. Asko dakigu Enric Marcoren inguruan, baina Monerren inguruko oroitzapenak ia hauts bilakatu dira; horregatik hasi zen ikertzen Egia. Hutsune horrek piztu zion jakin-mina: nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako kataluniar errepublikanoari zer gertatu zitzaion argitu nahi izan zuen.
Bestalde, Anton Gandarias agertzen da eszenan: bere osabaren, Gestapok erbestean atxilotutako Anjel Lekuona bizkaitarraren istorioa ikertzen diharduen pertsona.
Ustekabean Egiaren eta Gandariasen bideak gurutzatu egingo dira, eta ikerketak Pragara eramango ditu.
Bilbon hasi eta Pragan amaitzen den ikerketa prozesua kontatu du Oier Plazak dokumentalean. Bigarren Mundu Gerran erbesteratuak izan ziren Anjel Lekuona eta Enric Monerren aztarnen atzetik Europan zehar egindako ikerketa batek ahaztezina den historia bat azaleratzen du.
Dokumentalak jauziak egiten ditu denboran eta espazioan, eta horien artean uztartzen dira baliabide ugari: animazioa, artxiboko irudiak, elkarrizketak eta abar. Hala ere, ikerketa prozesua bera da narrazioaren gidaria, orratz baten antzera hari solte guztiak josten dituena.
Kote Camachok sortutako animaziozko piezek kontakizuna aberasten dute. Aitor Etxebarriaren musikak, berriz, dokumentalaren bihotza taupaka jartzen du. Lander Andonegiren argazkilaritzak beste maila batera eramaten du lana. Eta Hannot Mintegiaren muntaketak egitura osoari arnasa erritmikoa ematen dio.
Inoiz ahaztuak izan behar ez zutenen oroimenaren denbora kapsula hunkigarria da.