gaizka izagirre
'Ekografiak'

Ahots xumeen bidea

2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EZAE Euskadiko zinema aretoen elkarteak 2025ean EAEko aretoetan gehien ikusi diren hamar filmen zerrenda argitaratu du, eta biziki pozgarria da Los domingos bigarren postuan ikustea, eta Maspalomas hamargarrenean. Hala ere, gainerako izenburuei erreparatuz gero, aitortu beharra daukat egoerak tristura puntu bat eragiten didala. Frankizia handien eta formula errepikatuen zarataren erdian, badirudi ahots xumeagoek eta proposamen ausartagoek nekez aurkitzen dutela bidea pantaila handiraino.

Zorionez, aretoetan ikusle askorengana iristen ez diren film horiek bigarren bizitza izaten dute plataformetan —nahiz eta ezinbestekoa den filmak zinemetan ikustea, arren—. Movistar Plusera iritsi da horietako bat: Jaume Claret Muxart zinemagile katalanaren Estrany riu. Zuzendariaren opera prima da, eta nerabezaroaren, desioaren eta eraldaketaren inguruko esplorazio sentsorial eta poetiko liluragarria.

Filma Didac (Jan Monter) nerabearen inguruan eraikitzen da, Danubio ibaiaren ertzetatik bizikletaz egindako familia-bidaia baten testuinguruan. Hamasei urteko mutilaren egunerokoa errotik aldatzen da ibaitik irteten ari den mutil misteriotsu batekin topo egiten duenean.

16 milimetroko formatu ederrean grabatua, filmak frantziar errealismo poetikoa ekartzen du gogora, paisaiaren xarma eta pertsonaien intimitatea modu delikatuan harrapatzen dituen zinematografiaren bidez.

Muxartek zentzumenetan eta poesian oinarritutako zinemaren aldeko apustua egiten du. Nerabezaroaz, sexu-esnatzeari buruz eta familia-harremanen arrakalaz mintzatzean, klixeetatik ihes egiten du. Hitz eta azalpenen ordez, esperientzia sentsorial eta emozionala lehenesten du, filmaren atmosferan murgiltzeko aukera eskainiz.

Proposamen estetikoaz harago, azpimarragarria da Jan Monter aktore hasiberriaren lan bikaina. Didac pertsonaia naturaltasun harrigarriz hezurmamitzen du.

Ukigarriaren eta irudizkoaren arteko topaketa horietan hartzen du arnasa filmak, eta ikuspuntuekin jolasten du etengabe. Une batzuetan, Didacen begirada bigarren planora igarotzen da, eta ikusleok Guiu anaia gaztearen ikuspegitik behatzera gonbidatzen gaitu, istorioaren pertzepzioa zabalduz.

Estrany riu esperientzia zinematografiko berezia da: sentsoriala, intimoa eta, aldi berean, ukitu magikoz betea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA