Microsoften irudi bidezko autemate sistemak gizakion ikusmena gainditzea lortu du, eta auto autonomoek San Frantziskoko kaleak zeharkatzen dituzte. Eguneroko albisteak dira. Hausnarketarako denborarik ez duen jendarte batean, bizitzaren esparru handietan eragin zabala duten ekimenek gainditu egiten gaituzte.
Metroan ikusitako jendearen argazkiak atera, eta sarean horiek automatikoki aurkitzeko ekimen baten berri eman du Errusiako hacker batek. Guri buruz sarean dagoen informazioa eta irudiak baliatuz, inteligentzia artifizialeko autemate mekanismoak erabiliz tratatu, eta magia; hortxe emaitza, zure «anonimotasuna» ageriago.
Zenbat irudi ditugu sarean?Pixelez estalitakoak balira, behintzat. Adi ba horrekin ere, algoritmo horietako batzuk zenbait irudi pixelatuta egonik ere, pertsonak bereizteko gaitasuna eskuratzekotan baitaude.
Ez dezagun ohiko tonu paranoikoa hartu, albiste positiboak ere baditugu. Gizakiok ditugun gaitasun antzekoekin odola ateratzeko gai den robotak izango ditugu aurrerantzean. Erizain askok gehiegi maite ez duten lana ordezkatzeko aukera hemen da!
Ikusmenarekin lotuta berriro, diabeteari lotutako erretinopatia detektatzeko gai diren algoritmoak garatzea lortu dute Googleko ikerlari batzuek. IA bat entrenatu eta orain oftalmologo kualifikatu batek izango lituzkeen emaitzak lortzeko gai dira orain.
Gauzak positibo edo negatibo ikus daitezke, baina onartu behar dut kezkatzen hasia nagoela jada automatizazioarekin, errobotizazioarekin eta inteligentzia artifizialarekin. Ondorioez baino, horiek hor izango ditugula jakinda, soluziobiderik ez dugulako.
Kezka ez da soilik pertsonala, sistema kapitalista honetan, dirua nola bideratzen ari diren ikustea baino ezer hoberik ez dago. Horri erreparatuz gero, arlo horietan sekulako inbertsioak egiten ari direla jakina bada, ondorioak aztertzeko ere inbertsioak gero eta handiagoak direla ezagutzeak ere merezi du. Hau da, aurrera ateratzen ari direnek ere, ez dituzte oso argi beren asmakuntzek izango dituzten ondorio zehatzak.
Ikusi dugu nola, hausnarketarako denborarik gabe, ekintzetatik eraikitzen ari den mundua. Mugak jarriz babesten gara, edo ondoan beste praktika batzuk jartzea tokatzen zaigu.
IRLEN SAREA
AI—Azken Informazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu