Sara Azurza
Ekografiak

Aita, ama, anai-arrebak

2026ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Senideen arteko harremanak, esaten ditugunak eta momentu deserosoetan esatera ausartzen ez garenak uztartzen ditu Jim Jarmuschek zuzendutako Father, Mother, Sister, Brother filmak. HBO Max plataforman ikusgai jarri berri duten lan horrek elkarren antza duten baina aldi berean desberdinak diren hiru istorio kontatzen dituen triptiko emozional bat osatzen du.

Hiru kontakizunek aita, ama eta anai-arreben figurak dituzte erdigunean, ordena horretan, eta hiru espazio geografikotan garatzen dira: AEBetan, Tom Waitsek, Adam Driverrek eta Mayim Bialikek aitaren eta seme-alaben arteko inkomunikazioa lantzen dute elkarrizketa absurdoen bidez; Irlandan, Charlotte Ramplingek, Cate Blanchettek eta Vicky Kriepsek distantzia emozionalek sortutako tentsioa islatzen dute; eta Frantzian, Luka Sabbatek eta Indya Moorek, bi anai-arrebaren rolean, aurre egin beharko diote gurasoen heriotzaren ondorengo doluari eta herentzia sentimentalari.

Istorioek elkarren artean lotura zuzenik ez duten arren, badituzte hari fin batez elkartzen dituzten elementu komunak: edariak (ura, tea, kafea…), elkarrekin egotearen errituala iradokitzen dutenak; autoak eta haietatik ikusten diren paisaiak, espazio itxi eta intimo bihurtzen direnak, sarritan elkarrizketa deserosoen agertoki; skaterrak, gaztetasunaren edo askatasunaren ikur; eta Rolex bat, hiru istorioetan egiazkoa ala faltsua den elkarri galdetzen diotena, haien harremanen ispilu gisa.

Oro har, familien baitako une iheskorrak eta askotan izendatu gabe geratzen diren sentimenduak azaleratzen saiatzen da filma; hitz isilduak agerian uzten ditu, ia oihu baten moduan. Horregatik, ez espero elkarrizketa ugaririk edo gertaera handirik: lan honek kontrako efektua du helburu.

Kritika batzuek aspergarritzat jo dute, eta ez diet arrazoirik kentzen. Erritmo geldoa du, eta ez da ezer berezirik gertatzen; askotan narrazioa ia hutsik geratzen dela ere senti daiteke. Hala ere, ikusleari atzean dagoena irudikatzeko tarte zabala uzten dio, imajinaziorako espazioa eskaini, eta horretan du indarra. Laburbilduz, Father, Mother, Sister, Brother ez da ohiko entretenimendu filma: agian sartu zaren bezala aterako zara, baina ikusi nahi ez dugunaz pentsatzera eramango zaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA