Aurrekoan Zetak taldearen Mitoaroa II ikuskizunaz gozatzen ari nintzela, Muertos S.L. telesaila etorri zitzaidan burura. Lasai, orain ulertuko duzue lotura bitxi hau.
Kontzertuari hasiera emateko, Aitziber Garmendia agertu zen eszenatokian. Jarraian ikusiko genuenari buruzko hainbat ohar bota zituen: beti bezala, umoretsu, baina zorrotz. Beste behin, antzezteko eta bakarrizketarako duen trebetasun ikaragarria erakutsi zuen.
Nigandik gertu, gaztelaniaz ari ziren hiru gaztek elkarri esan zioten: «Ui, ¿esa no es la de Muertos S.L.?» («Hori ez al da Muertos S.L. telesailekoa?»). Azalpenak sobera daude. Une horretan ohartu nintzen zutabean oraindik ez dizuedala telesail honi buruz hitz egin.
Torregrosa izeneko ehorztetxearen egunerokoa erakusten duen telesaila da. Baina ez pentsa drama nagusi denik; alderantziz, bertako pertsonaiek biziko dituzten egoera xelebreek umorez zipriztinduko dute guztia. The Office moduko zerbait, baina ehorztetxe batean girotua.
Abiapuntua, heriotza bat da: ehorztetxearen zuzendari eta sortzailearen heriotza, hain zuzen ere. Don Gonzalo hil ondoren, Damaso Alonso administratzaile arduratsuak zuzendaritza bere gain hartzea espero du, baina, haren harrigarri, hildakoaren alargun Nievesek hartuko du agintea.
The Office telesailari erreferentzia egiten jarraituz, istorio honetako Michael Scott argi eta garbi Damaso da (Carlos Areces). Haren inguruko pertsonaiek egoera barregarriak —batzuetan deserosoak ere— sortzen dituzte, hildakoak eta euren senideak tartean direla kontuan hartuta. Umore beltza da nagusi. Aktore zerrendan Aitziber Garmendia eta Lorea Intxausti euskal aktoreak ageri dira.
Ehorztetxe baten egunerokoan komedia bat kokatzea ez da originala bakarrik, arriskutsua ere bada. Heriotza, gai unibertsala, baina sarritan isilarazia, narrazioaren motor bilakatzen da hemen, eta, harrigarria dirudien arren, etengabeko umore-iturri. Ez du banalizatzen; aitzitik, komedia beltza tresna gisa erabiltzen du hipokrisia soziala, familia-harremanak eta doluaren burokratizazioa zalantzan jartzeko.
Gag batzuk errepikakorrak dira, eta irudi aldetik soila eta sinplea da. Hala ere, hilotzen artean bizitza tragikomedia barregarri bihur daitekeela erakusten duen komedia gomendagarria da.