Noraino irits daiteke bizilagunen arteko liskar bat? Galdera sinplea dirudi, baina Geeta Gandbhir zuzendariaren The Perfect Neighbor filmak azkar erakusten du nola bihur daitekeen bizilagunen arteko desadostasun arrunt bat benetako tragedia. True crime generoaren barruan kokatutako lan honek Floridako poliziaren gorputz-kameren irudi errealetan oinarritzen du kontakizuna. Netflixen ikusgai dago, eta hotz utziko zaitu. Abisatuta zaude.
Susan Lorincz, 50 urtetik gorako emakume zuria, Ocalako auzo batean bakarrik bizi zen. Inguruko haurrek —normala den bezala— kalean jolastea zuten gustuko. Han bizi zen Ajike Owens ere, lau seme-alaba txikirekin. Auzoko haurren algarak, pilota-kolpeak edo oihuak Lorinczen etsipen bihurtu ziren, eta auzokideen arteko harremana gaiztotuz joan zen denborarekin. 2023an, ordea, liskarrak neurri kezkagarriak hartu zituen: Poliziak behin eta berriz esku hartu behar izan zuen, beti Lorinczen deien ondorioz. Deiak, jakina, haurren inguruko kexak ziren, eta inork ez zituen oso serio hartzen —ez baitzen Poliziaren kontua, haurrak besterik ez ziren—.
Egun batean, Lorinczek Owensen semeari tableta kendu eta patinak jaurti zizkionean, Owensek, ama gisa, azalpenak eskatzera jo zuen haren etxera. Eraikin itxira joan, atea jo eta bere semea defendatzen ari zela, Lorinczek arma hartu eta atearen atzetik tiro egin zion. Emakumea berehala hil zen. Lorinczek «bere buruaren defentsan» aritu zela esan zuen, baina auzokideekin izandako harreman gatazkatsua eta aurreiritzi arrazistak berehala azaleratu ziren. Ez zituen haurrak jolasten ikusi nahi, eta, nahiz eta ez ziren haren lurretan ibiltzen, iraindu egiten zituen eta Poliziari deitzen zion haiek kalera ateratzen ziren bakoitzean.
Hilketa gertatu eta gero, Lorincz ez zuten berehala atxilotu. Eta hor hasi zen Owensen familiaren eta komunitatearen borroka: justizia eskatzeko, baina batez ere sistema bera interpelatzeko. The Perfect Neighbor ez da soilik hilketa baten kontakizuna, baizik eta osasun mentala, arrazakeria eta Ameriketako Estatu Batuetako armen erabilera uztartzen dituen elkarrizketa zabal bat: nor premiatzen du sistemak? Owens ez da itzuliko, baina haren memoria bizirik mantentzea da gaurko nire intentzioa. Zutabe hau hari eskaintzen diot; haren seme-alabei, eta bizilagunei.
Â