Sara Azurza
Ekografiak

Alice eta Jack

2026ko uztailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maitasunak forma asko har ditzake: badaude pasioz betetakoak, beste batzuk ezinezkoak, eta baita askatzen zailak direnak ere. Azken horren inguruan eraikitzen da Alice & Jack telesaila. Elkar maite duten arren, bizitzak ez die ez elkarrekin egoteko aukerarik ematen, ezta guztiz urruntzekorik ere. Normal People edo One Day gustatu bazitzaizkizun, Filminen ikusgai dagoen sei ataleko telesail honek ere hunkituko zaitu.

Izenburuak berak iradokitzen duen bezala, telesailak Jack eta Aliceren urteetako harreman bereziari jarraitzen dio. Alice (Andrea Riseborough) bakartia, urduria eta finantza arloko arrakasta handiko profesionala da. Jack (Domhnall Gleeson), berriz, zientzialari adeitsua eta kaotikoa. Tinder estiloko aplikazio baten bidez antolatutako hitzordu batean ezagutuko dute elkar, eta gaua elkarrekin igaro ondoren, bakoitzak bere bideari ekingo dio. Hala ere, bien artean sortutako maitasunak behin eta berriz elkartuko ditu, nahi izan ala ez.

Jack da ikuslearen enpatia bereganatzen duen pertsonaia. Inozentea da, baina asmo onekoa eta maitagarria; Alice, aldiz, hotza eta zakarra da, eta harrokeriaz jokatzen du hasieratik, traumek ez baitiote maitatzen uzten. Baina istorioak aurrera egin ahala, bien arteko dinamika erabat aldatzen da, eta harekin batera, gure begirada eta leialtasunak ere bai. 

Telesailarekin dudan eragozpen txiki bakarra protagonisten arteko kimika izan da. Istorioak etengabe erakusten digu Alice eta Jacken arteko maitasuna benetakoa dela, baina pantailan ez dut beti lotura hori hain argi sentitu. Andrea Riseborough eta Domhnall Gleesonen interpretazioak sendoak dira, baina bien artean txispa hori falta dela iruditu zait zenbait unetan. 

Edonola ere, Gleesonek badu bereziki gustatzen zaidan zerbait. All About Time filmean bezala, sarritan eraikitzen ditu gizon onaren, sentiberaren eta zaurgarriaren pertsonaiak, eta naturaltasun handiz egiten du. Horregatik da hain erraza harekin enpatizatzea.

Alice & Jack-ek ez du maitasun perfektu bati buruz hitz egiten. Denboraz, beldurrez eta aukera galduez ari da. Gogorarazten digu maitasun handi baten aurrean biluztea ez dela inoiz erraza, baina badirela arriskuak hartu ezean betiko galdu daitezkeen trenak. Izan ere, denborak aurrera egiten du beti; gu gara, askotan, atzean geratzen garenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA