gaizka izagirre
'Ekografiak'

Amaitu gabeko filma

2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hamar urte inguru itzalita geratu zen ordenagailu zahar bat berreskuratzen saiatzen ari dira zenbait pertsona. Piztea lortu dutenean, lasaitasunaren eta emozio apur baten artean ohartuko dira barruan gordeta jarraitzen dutela duela hamarkada bat atzean utzitako amaitu gabeko proiektuaren artxiboek.

Honela hasten da An Unfinished Film, ia bi urteko atzerapenarekin Filmin plataformara iritsi den proposamen berezia. Filmaketa-talde bat 2020ko urtarrilean berriro elkartu zen, hamar urte lehenago finantzaketa arazoengatik bertan behera utzitako film bat amaitzeko asmoz. Ustekabean, ordea, COVID-19aren pandemiaren ondorioek bigarren aldiz zapuztu zuten egitasmoa. Egoera are dramatikoago bihurtu zen: taldeko kide batzuek hiritik irtetea lortu zuten, baina beste batzuk hoteleko geletan konfinatuta geratu ziren bi hilabetez. Bigarren saiakera horren istorioa kontatzen du filmak.

Ikus-entzunezkoaren lehen zatian, proiektu berria egiteko lantalde osoa berriro nola elkartzen den erakusten da. Bigarrenean, aldiz, agintariek dena ixtea erabakitzen dutenean sortzen den kaosa du ardatz, baita taldeko kideek etxera itzultzeko edo handik ihes egiteko egiten dituzten saiakerak ere.

Singapurren ekoitzia, Lou Ye da konbentzio narratibo eta estetikoei desafioa egiten dien proposamen bitxi honen egilea; 1990eko hamarkadan abiatutako zinema txinatarraren seigarren belaunaldian kokatzen den zinemagile eta gidoilari txinatarra da.

Testuinguru bitxi eta ezohiko batean harrapatuta dagoen talde baten egunerokotasunetik abiatuta, Lou Ye etengabe jolasten da metazinemarekin. Zimendu gisa funtzionatzen duten irudi nagusiez gain —espresuki filmatutakoak, alegia—, eta egun haietan nagusitu zen ziurgabetasuna helarazteko asmoz, artxiboko irudiak, albistegietako pasarteak, bideo amateurrak eta telefono mugikorretan egindako grabazioak txertatzen ditu. Elementu horiek guztiek dinamismoa ematen diote lanari, eta batez ere, egiazkotasunaren ukitu sakona.

Hunkigarria eta misteriotsua aldi berean, An Unfinished Film aro baten erretratu xurgatzailea da: une batzuetan kaotikoa, baina indartsua. Era berean, Estatuak bizitza pribatuetan egiten duen gehiegizko esku-hartzearen inguruko kritika gisa ere funtzionatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA