gaizka izagirre
Ekografiak

Amatasun garaikidea

2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Oso zaila da ume bat zaintzea; ezin dut bakarrik egin. Ni ere ume bat naiz oraindik, eta nik ere behar dut norbaitek ni zaintzea». Laurak negar artean esandako hitz horietan kabitzen da Yo siempre a veces telesail osoa. Ama ezkongabe baten prekaritatea, gordintasun osoz azaleratua.

Suma Content-en zigilupean —Javier Calvoren eta Javier Ambrossiren ekoiztetxea—, Marta Bassolsek eta Marta Lozak hari mehe batez jositako istorioa ekarri dute pantailara. Amatasunaren eta lan prekaritatearen arteko sokatira, erori gabe eusteko ahalegin etengabea.

Laura da protagonista. Berlinen, kulturaren eta jaialdien munduan, lan egiten duen Bartzelonako gazte bat. Etxera egindako bisita batean, Ruben ezagutuko du gau batean, eta bien artean harreman sutsua piztuko da. Hilabete gutxiren buruan seme bat izango dute, baina euren arteko harremana liskarrez beteta dago, batez ere Rubenen heldugabetasunagatik eta arduragabekeriagatik. Haurra bakarrik haztea ahalbidetuko dion lan baten bila dabilen bitartean, Laurak gurasoen etxea, lagunen etxeak eta alokairuko pisu kaskar eta ezegonkorrak kateatu beharko ditu. Bitartean, Alemanian utzitako bizitza berreskuratzeko ametsari eusten dio.

Atal bakoitzaren izenburuan etxea hitza agertzeak iradokitzen du etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta lan prekaritatea ere izango direla sei kapituluen ardatz nagusietakoak.

Telesailak, hasieratik bertatik, uko egiten dio idealizazioari, eta amatasuna ez du epika gisa aurkezten, baizik eta kontraesanez beteriko eremu gisa. Maitasuna eta nekea, errua eta samurtasuna, askatasunaren nostalgia eta loturaren pisua elkarrekin bizi dira, tonu grisetan, argi-itzalen artean.

Formalki ere gertutasun hori gailentzen da. Lehen planoek aurpegia paisaia bihurtzen dute, eta sorbaldako kamerak ez dio distantziarik uzten ikusleari. Ia dokumentala den intimitate batean sartzen gara, Lauraren arnasa entzuteraino. Ana Boga da bihotz taupada hori. Bere presentziak eusten dio telesail osoari, keinu txikietan, begirada iheskorretan, hitzik gabeko nekean.

Telesaila ez da erantzunak emateko sortu, galderak egiteko baizik. Nola bizi, dena hain hauskorra den mundu batean? Nola izan ama, oraindik norbera ere erabat eraiki gabe dagoenean? Eta, batez ere, nola eutsi, dena erortzen ari dela dirudienean?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA