gaizka izagirre
Ekografiak

Amatasun hautsia

2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit patuaren edo kasualitatearen eragina izan ote den ala ez, baina Maternal Instinct Netflixeko true crime aztoragarria ikusi eta egun gutxira ikusi dut Maite Alberdiren Un hijo propio. Istorioa eta eszenaratzea guztiz bestelakoak dira, eta lehenengoa askoz ilunagoa eta makabroagoa, baina bi istorioek antzekotasunak dituzte.

Un hijo propio laneko protagonista Alejandra izeneko emakume mexikar bat da; bitan geratu da haurdun, baina guztietan galdu du haurra. Ama izateko desirak eta ingurukoen etengabeko presioak haurdun dagoen plantak egitera bultzatzen dute. Hasieran gezur txiki bat dirudiena apurka-apurka handituz joango da eta egoera horrek haur jaioberri bat lapurtzera eramango du. Senarrak semea nahi du, familiak haurra espero du, eta gizarteak, antza, zailtasunak ditu seme-alabarik izan ezin duen emakumea ulertzeko.

Alejandraren benetako istorioa abiapuntutzat hartuta, Maite Alberdik dokumentala, fikzioa, berreraikitze dramatikoa, testigantzak eta artxiboko materiala uztartzen dituen film bat eraiki du.

Baina Alberdik ez du soilik delitua kontatu nahi; pertsona bat halako erabaki bat hartzera nola irits daitekeen ulertzen saiatzen da.

Filmaren lehen zatian, aktoreak erabiltzen ditu Alejandraren istorioa berreraikitzeko. Eszenek estetika nahiko artifiziala hartzen dute, kolore saturatuekin, tonu arrosekin eta melodramatik gertu dagoen eszenaratzearekin.

Bigarren zatian, ordea, erregistroa erabat aldatzen da. Benetako protagonistak, elkarrizketak eta kasuarekin lotutako testigantzak agertzen dira. Fikzioaren eta errealitatearen arteko jauzi horrek ikuslea behartzen du lehen zatian ikusitakoa berriro aztertzera. Une horretan, filmak ez du soilik Alejandraren istorioa kontatzen; egiaren eraikuntzari eta errealitate bat kontatzeko moduari buruzko gogoeta ere proposatzen du. Kontraste horrek amatasunaren irudi idealizatuaren eta protagonistak bizi duen errealitatearen arteko talka azpimarratzen du.

Txalogarria da Maite Alberdik fikzioa eta dokumentala nola uztartu dituen amatasunaren ertzak ikuspegi sozial eta feministatik lantzeko; izan ere, amatasunaren inguruan eraikitako itxaropen sozialak, emakume izateari lotutako presioak eta egia eraikitzeko dugun beharra aztertzen dituen film bat ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA