Ekografiak zutabean idazten hasi nintzenetik iruzkin piloa idatzi dut eta ziurrenik hau da orain arte gehien kostatu zaizkidanetako bat. Zinemetan ibilbide labur samarra izan zuen Resurrection filmaz ari naiz, orain Filminen ikusgai dagoenaz. Resurrection azaltzea ia ezinezkoa da; ez delako soilik ikusten den zerbait, bizi egin behar den zerbait baizik.
Zinema aretoan nahi eta nahi ez sentitu behar den esperientzia bat da. Beraz, lerro hauek irakurri ostean zure aukera bakarra telebistan ikustea bada, jakin esperientzia apur bat herrenagoa biziko duzula: luzea, tarteka astuna, baina, aldi berean, hipnotikoa, mamitsua, harrigarria eta, batez ere, sailkaezina. Irudiek eta soinuek ihes egiten dute pantailatik.
Bi Ganek zuzenean begiratzen dio ikusleari, besaulkian dagoen horri, eta ametsen hizkuntzan hitz egiten dio; irudien artean flotatzen duen ahots baten moduan. Modu oniriko eta surrealistan erakusten digu zinemak mundua nola moldatu duen. Edo, agian, nola asmatu dugun mundua bera zinemaren bidez. Zinemaren historiari idatzitako maitasun gutun bat da.
Ataletan egituratutako kontakizun kaleidoskopiko honen zati bakoitza zinemaren historiari egindako omenaldi atenporal bat ida: Mélièsen irudimenaren hastapenetatik espresionismo alemaniarraren itzal misteriotsuetara; 40ko hamarkadako gangsterren filmetatik 90eko hamarkadako Asiako zinemarekiko begirada nostalgikora; edota Jean Vigoren L’Atalante gogorarazten duen txalupa batean, Senaren gaineko egunsenti poetiko bateraino.
Distopia moduko bat marrazten du. Hilezkortasuna lortzeko, amets egiteari utzi behar zaion mundu bat. Ametsik gabe bizi direnak ez dira zahartzen. Baina badira oraindik «ameslariak», «eldarnioak», amesten jarraitzen dutenak. Bi Ganen begiradan, ametsa eta zinema gauza bera dira. Shu Qiren ahotsak gidatuta, ameslari horietako batek denboraren eta irudien labirintoan barrena eramaten gaitu.
Kontakizuna zatika eraikita dago, ispilu hautsi baten moduan. Atal bakoitzak bere forma, bere arnasa eta bere kolorea ditu, eta bakoitzak zinemaren aro jakin baten arrastoa darama. Hasieran, zaila da erritmo horretan sartzea eta hari narratibo lausoari jarraitzea; pisutsua egiten da, deserosoa. Baina, behin barrura sartuta, filmak ez zaitu askatzen.
Hitzez deskribatu ezin den bidaia bat da.
Â